Lur-jausia Zaldibarren

Amiantoaz gainera, hondakindegian beste gai kutsatzaileren bat zegoen "berririk ez" duela dio Jaurlaritzak

Ekaitz Herrera 2020ko ots. 9a, 17:43

Eusko Jaurlaritzako sailburuorde Josu Zubiagak (Segurtasun sailburuordea) eta Elena Morenok (Ingurumen sailbiruordea) azalpenak eman dituzte gaur Zaldibarren

Elena Moreno sailburuordeak ingurumen arloko azalpenak eman ditu gaur Zaldibarren. Ekologistak Martxan elkarteak agertutako susmoak "gezurra" direla esan du. Amiantoari buruz esan du honek "lur-jausiaren eremuan" eragingo lukeela, eta ez handik kanpo. Inguruko erreketan ez dute lixibiatuen aztarnarik topatu, "uneotan". Sutearen jatorrian metanoa dagoela dio

Amiantoak "lur-jausiaren eremuan" eragingo luke

Elena Moreno sailburuordeak "ez du uste" amiantoak arriskurik sortuko duenik "lur-jausiaren eremu zuzenetik haratago". Edozelan ere, datu guztiak "kontrolpean" izateko lanean ari direla nabarmendu du, "ohi bezala, osasun publikorako laborategiaren analisiak" aintzat hartuta. 

Lixibiaturik ez erreketan, "uneotan"

Hondakindegiaren inguruko errekastoetan ur-laginak hartu eta aztertu dituztela azaldu du Morenok. Horien arabera, urek ez dute lixibiatuen arrastorik agertzen "uneotan". Dena den, hondakindegitik filtratutakoak urak kutsatuko ote dituen "kezka" du Morenok, eta, horrenbestez, azterketak egiten jarraituko dutela.

Sutearen jatorria, "metanoa"

Ingurumen sailburuordeak azaldu duenez, "ohikoa" da hondakindegietako materialen artean gas metanoa sorteza. Sailburuordearen arabera, horrek piztu ahal izan du sutea. 

Hondakindegia egonkorra zen "2019ko maiatzeko txosten baten arabera"

Hondakindegiaren egonkortasunari buruz, Morenok esan du Jaurlaritzak 2019ko maiatzean datatutako txosten bat duela, eta hondakindegia egonkorra zela jasotzen duela. Enpresaren partetik beste jakinarazpenik ez duela jaso esan du, "ez lur mugimenduengatik ez arrakalengatik".

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!