Duela bi egun piztutako sutea dela eta kezkatuta dago Ekologistak Martxan taldea. Keak duen usainagatik, amiantoaz gainera, hondakindegian lindanoa ote dagoen “susmo sendoak” ditu elkarteak.
Lindanoa gai arriskutsu eta toxikoa da osasunerako. Harekin kontaktua izateak, narritadurak eragin ditzake azalean zein gorputz-ataletan. Epe luzera, minbizia, asma edo alergiak sor ditzake. Lindanoak kutsatutako inguruetan, Barakaldon esaterako, Ekologistak Martxan taldeak hainbat bider topatu ditu lindano maila altuak hango ur eta erreketan.
Lindanoa zer den ulertzen
90eko hamarkada hasierara arte pestizida lez ekoiztu eta erabili izan den konposatu kimikoa da lindanoa. Nekazaritzan erabili izan zen nagusiki, uztaren izurriteen aurkako pestizida modura. Ekologistak Martxan taldeak dioenez, Europar Batasunak haren ekoizpena eta erabilera “erabat” debekatu zituen 2008an.
Gaur egun lindanoaren ekoizpena eta erabilera debekatuta egon arren, duela hamarkada batzuk ekoitzi zenaren hondakinek guztiz desagertu barik jarraitzen dute oraindik. Ekologistak Martxanek hainbat bider salatu du hondakinen kudeaketa “opako” bat egin izan dela.
Historikoki, Bizkaiko hainbat tokitan ekoitzi zen lindanoa. Haren presentzia tarteka antzeman egin izan du Ekologistak Martxanek, besteak beste, Barakaldo uretan.