Elorrioren eta Sestaoren arteko futbol partidua, Biak Bat klubari laguntzeko

Joseba Derteano 2019ko eka. 27a, 14:25

Lagunarteko partidua domekan jokatuko dute eta sarrera euro bat izango da. Batutako diru guztia harrobiko hainbat talde sustatuko dituen Biak Bat klub berriari emango diote.

Biak Bat futbol kluba emakumeen harrobiko futbola indartzeko proiektu berria da. Elorrio eta Zaldua futbol taldeen eta hainbat gurasoren arteko elkarlanari eskerrak sortu dute. Egitasmo berriari laguntzeko, Elorrioren eta Sestao Riverren arteko lagunarteko partidu bat antolatu dute domekarako. Zaldibarko Solobarria futbol zelaian jokatuko dute, 16:30ean, eta sarrerak euro bat balio du. Batutako diru guztia Biak Bat klubarentzat izango da.

Kimu, haur-kategoria eta kadete mailako talde bana sortzea da helburua. Horretarako, 2002. eta 2009. urteen artean jaiotako jokalarien bila dabiltza, eta eskualdeko edozeinek jokatu dezake. "Interesatuta dauden neska eta gurasoak Solobarriara etorri daitezke domekan. Gustu handiz emango dizkiegu proiektuaren gaineko azalpenak", adierazi du Amaia Elgueak, Biak Bat klubeko presidenteak. Helbide elektroniko bat ere sortu dute klubera batzeko interesa dutenentzat: biakbatfutbola@gmail.com.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!