Emakumeen futbola indartzeko Biak-Bat Kirol Kluba sortu dute Zalduak eta Elorriok

Joseba Derteano 2019ko eka. 6a, 14:11
Iaz klub bien artean kadete eta haur-kategoriako taldeak atera zituzten. Irudietan, kadeteen taldea.

Klub bien eta hainbat gurasoen arteko elkarlanari esker ikusi du argia proiektu berriak eta, hurrengo denboraldira begira, kimu, haur-kategoria eta kadete mailako taldeak eratu gura dituzte.

Ondorioz, 2002 eta 2009 urteen artean —urte biak barne— jaiotako nesken bila dabiltza. Durangaldeko herri denei zabalik dagoen deialdia da. Interesatuak honako helbide elektroniko honen bidez jarri daitezke hartuemanetan: biakbatfutbola@gmail.com.

Gaur egun, haur-kategorian 11 jokalari eta kadeteetan 14 dituzte. Kimuetan taldea sortzeko jokalari gehiago behar dituzte. Hiru taldeetako ateak irekita daude jokalari berrientzat.

Proiektu sendotua

Proiektu honen hazia iaz erein zuten futbol klub biek. Banan ezin zutenez talderik atera, indarrak batzea erabaki zuten eta haur-kategoriako eta kadeteetako taldeak sortu zituzten. Taldeak kudeatzeak lan handia zekarren eta denboraldi erdian futbol talde bietako ordezkariak jokalarien gurasoekin batu ziren klub berri bat sortzeko ideia plazaratuz. "Oso ideia ona iruditu zitzaigun eta harrezkero lanean aritu gara", azaldu du Amaia Elguea Goikolea Biak-Bat klubeko presidenteak. Jokalari biren ama ere bada.

Elorrioren filiala

Gaur egun Elorriok talde bi ditu nagusietan: Euskal Ligan eta Bizkaia mailan. Talde berriek Elorrioko nagusiena hornitzeko balioko dute. Hau da, Elorrioren filialak izaten jarraituko dute. "Esaterako, aurten bertan kadete mailako hiru gazte Maila Gorenean dabilen taldera igoko dira", adierazi du Elgueak.

Talde berriek iaz sortutako kamiseta berde-beltza mantenduko dute: Berdeak Zalduari egiten dio erreferentzia eta beltzak Elorriori.

Entrenamenduetara autobusak

Proiektu honen punturik garrantzitsuenetako bat garraioa da. Astean zehar egin behar diran entrenamenduak, proiektu honetara batu diren herrietan egingo dira txandakako egunetan. Autobus bat jarriko dute neskak entrenamenduetara joateko, eta gero bueltan etxera eramateko. Zerbitzu hori dohainik izan dadin babesle bila dabiltza eta dirua batzeko ekimenak egitea aurreikusi dute.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!