Alazne Uribarri Eusko Labelen sortzaileetako bat hil da

Jone Guenetxea 2019ko eka. 17a, 10:25

Albaitaritzan lizentziatua zen, eta 1992an Eusko Label produktuen sorrera proiektuan parte hartu zuen. 

"Euskal Herriko lehen sektorearen defendatzaile sutsua zen Uribarri. Produktu hauek bereizteak eta promozionatzeak sektorearen lehiakortasunean eta balorizazioan eragingo zuela sinesten zuen". Horrela gogoratzen dute gaur egun Hazi Fundazioan diharduten Uribarriren lankideek.

1992an Eusko Label proiektuaren sortzailea izan zen zaldibartarra. 1993an zigilu horregaz lehenengo produktuak merkaturatu zituzten (Gernikako piperra, oilaskoa, patata eta bildotsa), eta egitasmo horren bultzatzailea izan zen Uribarri. Urtebete beranduago, euskal okela merkaturatu zuten. Era berean, Uribarrik Euskal Herriko portuetan hegaluze eta hegalaburraren Eusko Label zigilua bultzatzeari ekin zion. 

Gaztetan, Zaldua saskibaloi taldearen lehenengo belaunaldiko jokalaria izan zen Uribarri. Taldearen 40. urteurrenean ANBOTOk Uribarri elkarrizketatu zuen. Lau hamarkada lehenago ereindako haziak fruitua ematen jarraitzen du. "Nire loba bik Zalduan jokatzen dute gaur egun. Zaldibar herri txikia da eta guk hasitako bideak jarraitu egiten duela ikustea oso pozgarria da. Asko betetzen nau", azaldu zuen Uribarrik iaz egindako elkarrizketan.

Alazne Uribarri Del Olmoren hileta Zaldua plazan egingo dute bihar, ekainak 18, 19:30ean.   

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!