Zaldibarren geratzea erraztu gura dute

Aritz Maldonado 2018ko urr. 30a, 09:47

Gaurtik aurrera, martxan egongo da Harrera Protokoloa Zaldibarren.

"Zaldibarrera datozen pertsonak bertan geratzea nahi dugu, bertako hizkuntza ikasi eta bertako bizitzan parte hartzea da gure helburua" adierazi du Eneritz Azpitarte alkateak. Protokoloaren euskarri garrantzitsuenetako bat Harrera Gida da. Pertsona Zaldibarren erroldatu, eta jarraian emango zaio liburua. Zazpi hizkuntzatan argitaratu da: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantzesez, portugesez, errumanieraz eta arabieraz. "Zaldibar herri anitza da, badugu herrian aniztasuna lantzen duen Zaldibarko Jendeak taldea, eta gaia guztiz barneratuta duten beste eragile eta talde asko, udalak ere badarama denbora aniztasunaren gaia lantze, eta Harrera Protokoloa bide horretan pauso garrantzitsua da" Karmen Sampedro gizarte arloko zinegotziaren arabera. 

Protokoloaren arabera, harrera gidagaz batera, alkatearen ongi etorri gutuna ere emango zaio. Ostean, Harrera Taldeagaz harremanetan jarriko da Zaldibarren erroldaturiko pertsona. Harrera Taldea zaldibartar boluntarioek osatzen dute.  

Protokoloaren garapenean herriko hainbat talde eta eragilek parte hartu dute udalarekin elkarlanean: Zaldibarko Ikastetxeak, Olazarmendi gimnasia erritmiko taldeak, Guraso Elkarteak, gaztetxeak, gaztelekuak, Nagusien elkarteak, Caritasek eta Zaldibarko Jendeak elkarteek parte hartu dute.

Otxandioko aurrekaria

Antzerako esperientziak osatu dituzte eskualdeko beste hainbat herritan. Otxandion, adibidez, harrera protokoloa aurkeztu zuten 2016an, bertara bizitzera doazen lagunei Otxandion integratzea errazteko. Elorrion ere garatu dute harrera protokolo bat. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!