Harrera Taldea: Otxandiora bizitzen datozenei herrian integratzen laguntzeko

Anboto 2016ko mar. 4a, 09:25
Otxandioko Harrera Taldea osatzen duten kideetako batzuk udaletxe pareko plazan (Argazkia: Lehior Elorriaga)

Otxandioko edozein taberna: barraren punta batean herriko lagun talde bat, eta bestean herrira bizitzen etorri den bizilagun berria. Lehenengo aldia da, eta agurrik ez, nor berera. Baina hurrengo egun, aste eta hileetan ere, berdin.

Bizilagun etorriberriak, beharbada, gustura egingo lituzke barraren alde batetik bestera dauden bost metroak, egunero ikusten dituenekin berriketalditxoa hasteko. Eta, bertakoak ere desiratzen egon daitezke ongietorria egiteko, baina bada bien artean harresi ikusezin bat hartueman hori eragozten duena. Horma hori eraitsi, eta herrira bizitzen datozenei integraziorako erraztasunak eskaini nahian, harrera talde bat sortu dute, Otxandion. Izan ere, “sarritan horixe da zailena, lehen kontaktua egitea”, dio talde horretako Mikel Sanchezek.

Otxandioren etorkizuna eraikitzea helburu duen Herri-ola herrigintza egitasmoko Migrazio taldetik irten zen ideia. Sasoi batean udaleko batzordea zena, talde autonomoa da gaur egun, eta hainbat helburu ditu: herriko kultur aniztasunari buruzko gogoeta egitea, herritarrei eurei begirako lan pedagogikoa garatzea..., eta kanpotik datozenei integrazio inklusiborako erraztasunak eskaintzea. Bide horretan, Harrera Protokoloa landu dute, azken udalbatzarrak onartu zuena: “Iruditu zitzaigun interesgarria izango zela herrira datorren jendeari laguntzeko mekanismo bat martxan jartzea”, gogoratu du Migrazio Taldeko Iñaki Pujanak. Herritar berri denei begirakoa da, datorren lekutik datorrela ere: Euskal Herriko beste herri batetik, Europatik zein mundu zabaletik.

Protokolo horrek hainbat lan tresna eskaintzen du ­—herriko eta udaleko azpiegitura zein baliabideak hainbat hizkuntzatan jasotzen dituen Baliabideen Gida, esaterako—  eta Harrera Taldea da horietako bat. Zortzi lagunek osatzen duten taldeak kanpotik datorrenari herriko integrazioan ahalik eta erraztasun gehien ematea du helburu: herria ezagutzen lagunduz,  ohiturak erakutsiz, dudak argituz, hartuemanak erraztuz… “Sarritan, gatxa da lehen pauso hori eurek ematea, eta Harrera Taldeagaz bide hori erraztu gura dugu”, dio Migrazio Taldeko Joseba Irabazalek.

Errolda egitera lehenengoz doan edonori eskainiko diote Harrera Taldearen laguntza. Bere datuak fitxa batean bete, eta Harrera Taldekoak jarriko dira beragaz hartuemanetan.

Kasuan kasuko beharrizanen araberako zerbitzua eskaintzeko diseinatu dute Harrera Taldea: “Oztopoak askotarikoak izan daitezke. Hizkuntzari lotutakoak, kulturalak, eta baita ekonomikoak ere, gerta daitekeelako pertsona horrek edo horiek hemengo aisialdi ohiturak edukitzeko modurik ez izatea”, dio Pujanak. Horregatik, garrantzi handia ematen diote aurrelan horri, eta egoera desberdinei irtenbidea emateko egituratuta daude: “Bakoitzaren ezaugarriak ikusi, eta horren arabera erantzuna ematea da helburua”.

Esaterako, trabetako bat hizkuntza bada, zerbitzua hainbat hizkuntzatan emateko moduan daude, arabieraz, esaterako. Adin tarte desberdinetako jendea ere badute: “Behardaba, gazte bati errazagoa egingo zaio bere adin beretsuko batekin egotea”, dio Ana Nogueirak. Den-denek badute ezagurri komun bat: “Komunikatzeko gaitasuna. Edonori ongietorri on bat egiteko gaitasun osoa dute”. “Beste profil bateko jendea behar izanda ere, gure inguruan badago une edo behar puntualetan laguntzeko prest dagoenik”, gehitu du Pujanak.

Harrera protokoloa onartu berria da eta oraindik ez dute eskaririk izan, baina desiatzen daude hasteko eta ikasteko.

Euren ideia beste herrietan txertatzen laguntzeko ere prest daude. Orain aste bi, Zaldibarren izan ziren, udal harek antzeko zerbitzua sortzeko interesa duelako. Otxandiarrek euren esperientziagaz lagunduko diete.

“Ezagun bategaz jendea irekia da, baina hori barik gatxagoa da”

Txanponaren alde biak ezagutzen ditu Monica Maldonadok (Savadell, 1981). Orain hamaika urte, Kataluniatik Otxandiora etorri, eta toki arrotz batean bizimodu berriari ekin behar izan zion. Orain, Harrera Taldeko kidea da, eta kanpotik datozenei herrian bertaratzen laguntzeko gogoz dago.

Zelakoa izan zen zure etorrera Otxandiora?
Nire bikotekidea Katalunian ezagutu nuen; iurretarra zen, eta Otxandiora etorri ginen bizitzera.

Zergatik aukeratu zenuten Otxandio?
Nire ezagun bat hemen bizi zen, eta bizitzeko oso herri atsegina zela esan zigun berak. Beraz, Otxandio aukeratzea erabaki genuen.

Iritzi horregaz jarraitzen duzu?
Bai, bai (barreak). Orain, gainera, iritzi hobea daukat.

Zure mutil-laguna eta zu ez zineten otxandiarrak. Zelakoa egin zitzaizuen herrirako integrazioa?
Hona etorri nintzenean, hasieratik euskara ikasten hasi nintzen, eta klaseko jendearen bidez herrian beste ezagun batzuk egin nituen. Bikotekideak laneko lagun bat ere bazuen, justu koadrila berean zebilena, gainera. Zortea izan genuen.

Eskertuko zenuen Harrera Talde batek eskaintzen duen laguntza?
Baietz uste dut. Lehenengo harremana egiteko baliagarria izango zen, eta baita herria eta herriko ohiturak ezagutzeko ere. Kontua ez da osagilea non dagoen jakitea bakarrik, baita herriko jendea, bizimodua eta ohiturak ezagutzea ere, eta horrelako gauzetan laguntzeko eskertuko nuen Harrera Taldearen laguntza.

Otxandiarrak irekiak direla esango zenuke?
Ezagun bat izanda jendea oso irekia da, nire ustez. Baina kontaktu barik zailagoa da, gehiago kostatzen dela esango nuke; kaletik zoazela  agur esan, eta justu-justu.

Otxandiora etortzean euskara ikasi izanak lagundu dizu harremanak egiten?
Bai, asko. Niretzat egundoko tresna izan da jendearengana hurbiltzeko.

Orain zeu zara kanpotik datozenei harrera egiteko prest dagoena. Hasteko gogoz zaudete?
Bai, egia esanda, ilusioz gaude. Etorri berri bakoitzak bere egoera eta testuingurua ditu, baina badira partekatzen ditugun kontu batzuk: kanpotik zatozela, ez duzula inor ezagutzen… Ezagutzen ditut egoera horiek, eta lagundu dezaket. Hasteko desiratzen gaude. Horrela, Harrera Taldearen funtzionamendua bera ere hobetzen joango gara. Martxan hasi, eta ibili ahala ikusiko dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!