Eguenean ekingo diote Olazar pilota txapelketari Zaldibarren

Anboto 2013ko ira. 16a, 08:27

Azpiri elorriarrak eta Galarzak osatutako bikotea multzoburuetako bat izango da

Azpiri elorriarrak eta Galarzak osatutako bikotea multzoburuetako bat izango da.

 

Datorren eguenean hasi eta urtezahar egunera arte, Olazar txapelketak esku pilotaren munduko promesarik onenak eta afizionatuetan puntan dabiltzan pilotari eskarmentudunak batuko ditu astero-astero. Ohi moduan binakako txapelketa bat (hamasei bikote) eta lau t’erdiko beste bat (hamasei pilotari) prestatu dituzte.

 

Joko sistema urterokoa da: pilotariak lau multzotan banatuko dituzte. Bikoteak mailaren arabera sailkatu, eta faboritoak kanporaketak aurrera joan ahala sartuko dira lehian. Binakako txapelketan, Igor Azpiri elorriarrak eta Kerman Galarza galdakoztarrak osatutako bikotea izango da multzoburuetako bat. Yoldi-Arratibel, Artola-Tolosa eta Urbieta-Diez bikoteak ere faboritoen artean daude. Lau t’erdian promesarik onenak lehiatuko dira Zaldibarko pilotalekuan. “Gazteak eta oso onak dira”, adierazi du Enrique Agirrebeitia txapelketako antolatzaileetako batek.

 

Horietako hainbatek aurrekontratuak dituzte Aspe edo Asegarcegaz. Hurrengo egueneko lehenengo jardunaldian (21:30ean) Durangaldeko pilotari bik jokatuko dute: Aitor Arabiourrutia abadiñarrak Olaetxea II.aren aurka jokatuko du lau t’erdian; binaka Jon Landaburu elorriarrak Albaradogaz osatuko du bikotea, eta Ojuel eta Aizpitarte bikotearen kontra jokatuko dute. Uzkudun abadiñarrak, eta Elordi eta Aldape mallabiarrek ere parte hartuko dute txapelketan.

 

Bideoa eskuragarri

Iaz txapelketaren 25. urteurrena ospatzeko bideo lan bat argitaratu zuten. Gaur egun, profesionaletako izarrak direnetako asko Olazarren aritutakoak dira, eta horietako askoren adierazpenak jaso ditu bideo lanak, finaleko irudiez gainera. Txapelketak iraun bitartean, eguenero pilotalekuan ipinitako postu batean bideo lan hori salgai izango dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!