"Errealista naiz eta badakit gaitz dudana txirrindularitzan jarraitzea"

Anboto 2013ko abu. 29a, 17:46

Zaldibartarrak ez du ulertzen iaz hain apustu indartsua egin ondoren, taldea bat-batean desagertzea.

Ruben Perezentzat Kanadako klasika biak izango dira Euskaltel-Euskadigaz lehiatuko dituen azken lasterketak (Quebec eta Montrealen irailaren 13an eta 15ean). 2014ko abendura arte taldera lotzen duen kontratua ezingo du bete, Euskaltel-Euskadi desagertu egingo delako. Dagoeneko talde bila dabil, baina kontua gaitz dagoela dio.

 

 

Zuei noiz eta nola jakinarazi zizueten Euskaltel-Euskadi desagertu egingo zela?

Albistea publiko egin zuten bezperan batzar batera deitu gintuzten posta elektroniko bidez. Irakurri nuenean igarri nuen albisteak ez zirela onak izango. Aurretik Alvaro Gonzalez de Galdeanori-eta egoeraren berri galdetu genien, eta esperantza ematen saiatu ziren arren, ikusten zen ezetz.

 

Beraz, sumatzen zenuten zer zetorren.

Enpresa asko langileak kaleratzen dabiltzala ikusten duzu, eta testuinguru horretan gaitza da txirrindulari talde bati hiru milioi euro emango dizkiotela entzutea. Eusko Jaurlaritza eta erakunde publikoak ere alde guztietatik gastuak murrizten dabiltza. Athletic-en zelai berria egiteko milioiak eman dituzte eta, egia esan, horrelako kontuek amorratu egiten zaituzte. Batzuentzat bai eta besteentzat ez. Horrek zer edo zer arraroa gertatzen dela pentsarazten digu, ezagutzen ez dugun zerbait. Baina dakiguna da taldea desagertu egingo dela, eta denok gaude nahiko eraginda.

 

Denboraldi hasieran, filosofia aldaketarekin, aro berri baten atarian zeundetela ematen zuen.

Bai, horregatik ez dugu ulertzen zer gertatu den. Denok galdera bera egiten diogu geure buruari eta ez dugu erantzunik. Eusko Jaurlaritzak azken unean salduta utzi dituela esan digute. Ez dakit hori izango den edo zer den, baina hain apustu indartsuaren ostean orain bat-batean dena bertan behera geratzea ez dugu ulertzen.

 

Arlo pertsonalean zelan zaude? Kontu honek guztiak zer sentzazio utzi dizu?

Uste dut oraindik errealitatera egin barik nagoela. Desilusio handia da. Munduko edozein txokotan, Australian zein Kanadan, Euskaltel-Euskadiren lagun talde bat aurkitu izan dut. Hori deigarria da eta beste taldeek ez dute halakorik. Taldea desagertzeak tristura handia eman dit.

Zelan eragingo dio euskal txirrindularitzari?

Txirrindularitzarako txarra dela uste dut, eta ez arlo profesionalari begira bakarrik, baita gazte mailetako txirrindulariengatik ere. Gogoan dut gaztetxoa nintzenean ONCE eta Banesto lako taldeak urrun ikusten nituela, eta etxean talde bat izateak ilusioa sortzen zidala, bertara heltzeko aukerak ikusten nituelako. Afizionatuetan nengoenean pedalei eragiten jarraitzeko indarra eta ilusioa ematen zidan horrek.

Zaletasunari ere eragingo dio?

Samuel Sanchezek Frantziako Tourrean Luz Ardideneko etapa irabazi zuen egunean, ni Gorka Eizagirrerekin nindoan, eta animatu beharraren animatu beharraz, zaleek aurrera egiten ere ez ziguten uzten. Geratu egin behar izan genuen. Ez genuen errepiderik ikusten. Oso une hunkigarria izan zen. Alde horretatik, erreferentzia zen taldea galduko dute zaleek. Baina bestalde, zale itzel horiek euskal txirrindulariak zein gainerakoak animatzen jarraituko dute, seguru.

Arduradunek zuekin banan-banan askatasun agiria negoziatzen berehala hasteko asmoa erakutsi dute. Batzartu zara arduradunekin?

Asteon Mikel Astorkizari deitu diot, eta laster gaiaren gainean berba egiteko denekin geratzen hasiko direla adierazi dit. Horixe da oraingoz esan dezakedana. Etorkizunari begira, ordezkari bat hartu dut eta begira gabiltza. Zerbait irtetea espero dut, baina ez digute esperantza handirik eman. Oso denboraldi txarra da taldea aurkitzeko. Talde berririk ez da sortu eta, kontrara, batzuk desagertzen dabiltza: Vacansoleil, esaterako. Saur-Sojasun ere estu dabil, eta desagertu egingo dela uste dut. 80 bat txirrindulari talde barik egongo dira, eta tartean izen azpimarragarriak daude. Aurten profesionaletan baja dezente egongo dira.

 

Beraz, baliteke txirrindularitza utzi behar izatea?

Aurrera jarraitzeko esperantza dut, baina errealista naiz eta badakit oso gaitz izango dudana. Beste bi-hiru urtean jarraitzea gustatuko litzaidake, baina ezin badut, atsekabe itzela ere ez da izango. Nahiago nuke txirrindularitzan jarraitu, baina hala ez bada, ez naiz deprimituko.

2005etik Euskaltel-Euskadin aritu zara. Zer eskaini dezakezu talde berri batean?

Txirrindulari borrokalaria eta langilea naiz. Hori da nire zigilua. Esprinterrei azken kilometroetan kokatzen lagundu diezaieket, baita azken metroetan esprinta abiatzen ere. Eskalatzaileei ere laguntzen diet aurrelana egiten, edota lehen eta bigarren mailako mendateetan.

Azken metroetarako duzun abiadura gehiago aprobetxatu zenezakeela uste duzu ?

Lasterketak irabazterako orduan dena ez da abiadura. Garbi esanda, esprintak lehiatzeko zoratuta egon behar duzu. Pentsatu barik, balaztarik erabili barik ibili behar da. Nik pentsatu egiten dut eta balazta darabilt. Zaila da une horietan norberak baino konfiantza handiagoa duten txirrindulariei aurre egitea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!