Rosa eta Maier Anteparaluzetako bizilagunak dira, eta biek diote ibilgailu asko "izugarrizko abiaduran" igarotzen direla auzotik, batez ere gauez argitu dutenez. "Beharrezkoa" zen radarra jartzea, Rosaren berbetan. "Aurretik inoiz egon izan dira Ertzainak eta ibilgailuek abiadura moteldu izan dute. Baina, orain radar finkoa ipini izana oso ondo ikusten dut. Ez da gustoko neurria, baina ematen du ez dagoela ikasteko beste modurik. Ibilgailuak harrapatuta bizilagun bat hil egin zen, duela urte asko".
Bederatzi urte dira Maier Anteparaluzetan bizi dela eta berak ere ondo ikusten du radarra, nahiz eta uste duen dirua biltzeko neurria dela gehiago. "Izurtzan bezala, semaforoak jarri beharko lituzkete. Hartara ere lortuko litzake abiadura murriztea, eta helburua ez litzateke horrenbeste dirua biltzea". Gainera, errepidea gurutzatzea ere seguruagoa izango litzateke. Radarra ipini dutela igarri dutela diote bizilagunek. "Ibilgailu batzuek behintzat moteldu dute abiadura", dio Maierrek. "Radarrera dagoela ikustean frenatu egiten dute", azaldu du Rosak.
Zebra bidea
Anteparaluzeta auzoa erditik ebakitzen duen BI-623 errepidean eta haren inguruan hainbat lan garatu zituen Otxandioko Udalak duela lau urte inguru. Autobusarentzako geltokiak egokitu zituzten, eta, Durango-Otxandio norabidean, gasolindegieraino heltzen den bidegorria egokitu zuten. Abiadura zaintzeko radar egonkorra eta zebrabide bat jartzea ere aurreikusten zuten.
Maierrek azaldu duenez, "beharrezkoa da zebra bide bat jartzea, beldurrez gurutzatzen dugu-eta errepidea". Rosak ere berdin uste du: "Errepide zuzena da, baina zati batean kurba apur bat egiten du, eta batzuetan batera eta bestera begiratuta arren konturatu orduko ibilgailu bat duzu gainean. Gaur egun, gainera trafiko handia dago. Lehen trafiko gutxiago zebilen".
Anteparaluzetan 25 bat bizilagun dira. "Gaisteizerako autobusaren ordutegira egokituta ondo moldatzen naiz ni, Otxandiora joateko. Baina, batzuetan oinez ere joaten naiz, adibidez, errekaduren bat edo badut egiteko. Baina, ez dago inolako espaloirik ezta bazterbiderik ere ez. Askotan eskatu dugu bazterbide bat jartzea Otxandioraino. Amaiterminen (Abadiño) ere eskatu dute, haiek autobus geltokira hurbiltzeko ere oso gatx dute-eta", azaldu du Rosak. "Bidegorria jarri zuten gasolindegiraino, auzoa politago dago. Baina, horrek ez du arazoa konpondu, Otxandioraino joan behar baduzu", gaineratu duenez. Auzoak askotan ahaztuta izaten dituztela uste du.
Anteparaluzetatik Otxandiora heltzeko landa-bidea ere badago, Morgola auzotik. Bide hori erabiltzen du Maierrek Otxandiora oinez joateko. "Hala ere, ez da bide oso erosoa, batez ere adineko jendearentzat", argitu duenez.