Orain errepidea gurutzatu behar duenak autobusa hartzeko ez du segurtasun neurririk, eta etorkizunean zebrabide bat izango du. Baina zebrabidea egin aurretik, handik igarotzen diren ibilgailuen gehienezko abiadura 50 kilometro ordukoa dela bermatu behar dute. Gaur egun, batez besteko abiadura 84 kilometro ordukoa da, ikerketa baten arabera. "Aldunditik zenbait aukera aztertu dute eta neurririk eraginkorrena radar bat ipintzea dela diote", azaldu du Egoitz Garmendia alkateak. Beraz, Trafiko Zuzendaritzak radar bat ipiniko du. Radarra martxan ipini eta abiadura gutxitu dela egiaztatzen denean, orduan pintatuko dute zebrabidea.
Oinezkoen bidea
Otxandio-Durango norabidean, errepidearen ezkerreko aldean, gasolindegiraino helduko den bidegorri bat egingo dute. Horrela, oinezko bideak gasolindegiagaz eta hango kafetegiagaz lotuko ditu auzotarrak, bertako bizilagunei zerbitzu bat gehiago eskainita.
Oinezkoen bideak 1,5 metroko zabalera izango du eta auzoguneko lehenengo baserritik gasolindegiraino helduko da. Bidegorriaren heren bi errepidearen ondotik izango dira, baina barruragotik. Azken herena gehiago barneratuko da auzoan.
Egitasmoak 144.000 euroko inbertsioa eskatuko du. Euretariko 70.000 Jaurlaritzako eta Aldundiko diru laguntzen bitartez estaliko dira. Auzotarrek lehen eskutik ezagutzen dute proiektua, joan zen astean udalak herri batzarra egin zuen-eta eurekin, azalpenak eman eta ekarpenak jasotzeko.