Herrian Santamaña jaiak ospatzen zeuden une horretan. Bonbardaketak 61 hildako eta zauritu ugari eragin zituen.Otxandiokoa Gerra Zibilaren lehenengo bonbardaketatzat hartzen da.
Bonbardaketa egunaren bueltan, udaleko agintariak eta herritarrak urtero batzen dira Andikona plazan, bonbardaketako kalterik handienak jasan zituen inguruan, hildakoak gogoratzeko. Aurten uztailaren 25ean egingo dute oroimen ekitaldia. Osasun krisiaren ondorioz, "formatu xumean" eta segurtasun neurriak bermatuz batuko direla adierazi dute udal agintariek.
Iaz, pandemia betean, santamaña jaiak bertan behera utzi zituzten arren, Andikonako oroimen ekitaldiari eutsi egin zioten. "Badaude gauza batzuk, egoera dena delakoa izanda ere, atzean utzi ezin direnak", arrazoitu zuen Egoitz Garmendia alkateak, Andikonako Foroak adostutako adierazpena irakurri zuenean.