Ekitaldi xumea izan da, baina sentimenduz betea. Andikonako Foroak landutako testuaren bidez, erantzukizunak eskatu dituzte. "Bonbardaketan hildakoak non dauden jakin gura dugu. Non daude? Zelan da posible hemen gertatu zena gertatuta, inork ardurarik hartu eta barkamena eskatzera etorri ez izana?", jasotzen du testuak. Horren aurrean, konpromiso bat hartu dute. "Hitza ematen dugu, hemen, Andikonan, hildakoak non dauden jakiteko orain arte egindako lanak bururaino eramango ditugula".
Testuak gaur egungo egoerari ere egiten zion erreferentzia. "Koronabirusak bizitza asko utzi ditu bidean azken hilabeteetan, Euskal Herrian eta munduan, eta eurak zein euren familiak gogoan eduki gura ditugu gaurkoan ere", azaldu dute.
Azkenik, Otxandioko herritarrek "txarrenetik onena" ateratzeko duten gaitasuna azpimarratu eta batasunerako dei bategaz amaitu dute ekitaldia. "Andikonak batzen gaituen eran batu gaitzala etorkizuneko Otxandiok ere".