Eredu iraunkorrean sakontzeko ildoak aurkeztu dituzte

Anboto 2010ko api. 21a, 10:25

Otxandio iraunkortasunaren bidean ipintzeko asmoa duten ingurumenaren arloko lau ildo estrategiko nagusiak plazaratu zituzten zapatuan eskainitako prentsaurrekoan.

\'Otxandio maite dugulako\' ekimenaren barruan, Otxandio iraunkortasunaren bidean ipintzeko asmoa duten ingurumenaren arloko lau ildo estrategiko nagusiak plazaratu zituzten zapatuan eskainitako prentsaurrekoan. Bultzatzaileen esanetan, \"neoliberalismo basatiak inoizko desoreka sozial handienak sortu ditu, eta lurra krisi ekologiko larrira eraman du\". Horren adibide legez, AHTa eta lurralde zati egitasmoa ipini dituzte, esaterako. Eredu horri \"alternatibak\" ipintzeko sasoia dela diote, eta Otxandiori lotutakoak plazaratu zituzten. Lehenengoak uraren ziklo integralaren kudeaketa iraunkorra du helburu. Erreken eta pantanoen ekosistemak berreskuratzeko hiru lehentasun finkatu dituzte: errekatik hartzen den ur emaria gutxitzea, ur- sarean egon daitezkeen ihesak murriztea, eta ur zikinak tratatzeko sistema ekologikoa ezartzea. Subiranotasun energetikoaren bidean ikerketa bi hasiko dituzte; basoek sortzen duten biomasaren aprobetxamenduaren eta herrian sortzen den materia organikoagaz konposta eta biogasa egitearen ingurukoak. Beste ildo batek landa-lurrak antolatzea eta babestea du helburu, ondare naturalak zaintzeko bidean. Amaitzeko, hondakinak kudeatzeko hainbat sistema aztertuko dituzte.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!