Etxebizitza eta jarduera ekonomikoetan sakonduko duen kanpaina aurkeztu du ezker abertzaleak

Anboto 2010ko abe. 15a, 10:23

Izurtzan egindako prentsaurrekoan euren hausnarketa eta eredu alternatibo baten beharra plazaratu dute. Durangaldeko ezker abertzaleak agerraldia egin du Izurtzan, \'Durangaldea maite dugulako\' ekimenaren hurrengo etapa aurkezteko. Bertan, etxebizitza eta jarduera ekonomikoen inguruan egingo dute azterketa, Lurralde Zati Plana oinarrian hartuz. Diotenez, \"Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak LZParen bitartez inposatu nahi diguten eskualdearen eredu kezkagarria agerian utzi\" gura dute, azken zazpi hilabeteetan bultzatutako kanpainekin egin bezala. Gaur egungo egoeraren iritzia eman dute. \"Etxebizitza behar duten pertsona gehienek ezin dute merkatu libreko etxebizitza bat ordaindu\", azaldu dute. EAEko merkatu librean etxebizitzak bataz beste 352.607 euro balio duela, eta eraikuntzaren prezioa 133.000 eurokoa dela salatu dute. Bestalde, jarduerei dagokienez, \"nahiz eta industrialdeen eraikitze masiboak egin, langabezia-tasa handitu egin da\" diote. \"Udalek -hauen diru iturri nagusia obra lizentzien tasak direlako- eta sustatzaile pribatuek -pabilioi berriak eraiki dituztelako hutsik mantenduz espekulatzeko- dute egoera horren erantzukizuna\", euren sutez. Eredu alternatiboa lantzerakoan politika aurrerakoi baten helburuak plazaratuko ei dituzte. Etxebizitza arloan, adibidez, \"guztiontzako etxebizitza duina bermatzeko bidean alokairu publikoaren garrantzia\" azpimarratu dute, \"hutsik dauden eraikinak helburu horretarako erabiliz\". Jarduera ekonomikoetarako lursailei dagokienez, \"produkzio eredu jasangarri baten beharra\" aldarrikatu dute, lehen sektorea lehenetsiz.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!