40. urteurrena

"Mañariko frontoia dantzariz beteko dela jakiteak ilusio handia egiten digu"

Joseba Derteano 2026ko maiatzaren 22a

Mari Luz Gorostiza eta Josu Arkarazo, Mañariko plazan. Joan zen domekan entsegu orokorra egin zuten dantzari guztiekin.

Andra Mari Dantza Taldeak 40. urteurrena ospatuko du zapatuan. Eguerdian kalejiran irtengo dira, Jaizale taldeak lagunduta. Ondoren, dantza saioa egingo dute frontoian. 75 bat dantzari batuko dira, gaurkoak eta atzokoak. Gero bazkari herrikoian batuko dira, eta 18:00etan Lorratz taldearen erromeria hasiko da. 

Taldea 1986an sortu zen eta jende askoren lanari eskerrak heldu da gaur egunera. Ospakizunean, taldeko hiru lagun omenduko dituzte. Hasieratik dantzak erakusten ibili ziren Mari Luz Gorostiza Arroitaonaindia (Berriz, Mañarian bizi da, 1954) eta Begoña Gorritxategi, eta gaur egun dantza taldeagaz jarraitzen duen Josu Arkarazo Azkargorta txistularia (Abadiño, 1955). Gorostizak eta Arkarazok erantzun diete galderei. 

Zelan sortu zen Andra Mari dantza taldea? 
Mari Luz Gorostiza: Sasoi hartan ez zebilen emakumerik dantzan; gizonak bai, ezpatadantzariak betidanik egon dira, baina emakumerik ez zebilen eta elkarterik ere ez zegoen. Akordatzen naiz Mañariko San Martin ermitako ospakizunean geundela eta Maria Angeles Angoitiak proposatu zidala: "Sortuko dugu talde bat?". Ni orduan Berrizko San Lorentzo dantza taldean nenbilen. Baietz esan nion, baina laguntasuna beharko nuela. Begoña Gorritxategi prest zegoela jakin nuen eta horrela hasi ginen elkartea sortzen. Ahorik aho zabaldu zen asmoa, kartelak ere egin genituen.
Josu Arkarazo: Durangaldeko beste herri batzuetan bazeuden dantza taldeak. Izurtzan ere bazebiltzan. Maria Angelesek beste herrietako egoera ezaguzen zuen, eta, Mañarian hutsune bat ikusten zuenez, esango nuke hortik sortu zela ideia. 

Gogoan duzu lehenengo entsegu eguna zelakoa izan zen?
M.L.G.: 40 neska-mutiko etorri ziren. Herri guztia! Poza hartu genuen. Zapatu arratsaldeetan batzen hasi ginen. Abadetxeko lokal batean entseatzen genuen, eliza ondoan. Irakasleak Mañarikoak eta inguruko herrietakoak ziren: Begoña eta ni neu, Alfredo Otxandiotik, eta Ricardo Berriztik. Nik txikienei erakusten nien, Begok neskei, Alfredok mutilei, eta horrela. Hainbat dantza irakatsi genuen. Hurrengo urtean, jaietan lehenengoz Andra Mari egunean, lau-bost talde atera genituen. Ordu eta erdiko dantza ekitaldiak egiten ziren orduan, 22:00etan hasita. Frontoia bete egiten zen. Ikusmina eragiten zuen, herriko umeak dantzan ikustea nobedadea zelako. 

Toki askotan ibiltzen zineten?
M.L.G.: Herriko ermiten jaietan ibiltzen ginen: San Martin, San Lorentzo… eta herririk herri ere bai, Euskal Jaietan esaterako.

Noiz arte jarraitu zenuen Andra Marin?
M.L.G.: 10-15 urtean ibili nintzen. Gero, erreleboa emateko momentua zela iruditu zitzaidan. 

Zuk sortzen lagundu zenuen dantza taldea gaur egun bizi-bizirik dagoela ikusteak zer sentiarazten dizu?
M.L.G.: Poz handia. Neska-mutilek domeka goizean egiten dituzte entseguak, plazan, eta etortzen naizenean eta hainbeste ikusten ditudanean… Polita da. Umeen talde bat sortu dute eta hori albiste ona da. Nire iloba ere bertan dabil.

Zelan ikusten duzue gaur egungo dantza mundua?
M.L.G.: Neska-mutilak dabiltza dantzan, baina ezpatadantza baino ez dute egiten. Orain arte neskek egindako dantzen falta igartzen dut: arku-dantza, gorulari… Dantzari Dantzakoak ez diren dantzak egiten ere ikusi gura nituzke neska-mutilak. 

Josu, zuk Alejandro Aldekoaren lekukoa hartuta hasi zinen Andra Mari taldeagaz.
J.A.: Alejandro urteetan ibili zen. Berrizko talde bategaz ere bazebilen, eta Euskal Jaietan hango eta hemengo umeekin… Eta, jakina, ezin denera heldu. Orduan, Mañariko taldeagaz hasi nintzen. Alejandrok jarraitu zuen ermitetara joaten eta abar. Ni entseguetara etortzen nintzen. Jaietan elkarregaz jotzen genuen, harik eta Alejandro jubilatu zen arte. Orduan nik ardura gehiago hartu nuen. 

Abadiñarra zara, baina lotura berezia duzu Mañarigaz.
J.A.: Andrea Mañarikoa neukan eta lagunak nituen bertan. Mañariarrekin beti izan dut hartu-eman estua, Andra Mari taldea sortu aurretik ere bai; 1974an edo 1975ean Dantzari Eguna ospatu zen, eta taldea handik eta hemendik osatu, eta hor ibili ginen.

Zer itxaroten duzue urteurreneko ospakizunetik? Ekimeneko protagonista bi izango zarete.
M.L.G.: Apur bat urduri nago. Pozik ere bai, gutaz akordatu direlako. Eta Mañariko frontoia dantzariz beteko dela jakiteak ilusio handia egiten dit. Horrek asko balio du.
J.A.: Ni ere urduri egongo naiz. Oso esker oneko nago herriagaz. Eta Mari Luzek dioen moduan, frontoia dantzariz beterik ikustea beti da polita. Adin askotakoak, gainera. 
M.L.G.: Nire alaba Naiara ere han ibiliko da, Mutrikutik etorrita, han bizi da eta. Sei urtegaz hasi zen dantzan, eta txistulari ere ibili zen.
J.A.: Kanpotik beste batzuk ere etorriko direlakoan nago, kanpora ezkoduntakoak eta. Aspaldi ikusi bako lagunak ikusiko ditut. Egun ederra izango da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!