“Urkiola sekula ere ez dut igo lasterketa batean eta ilusio berezia egiten dit”

Joseba Derteano 2024ko ots. 1a, 09:23
@euskaltelteam

Aurtengo Itzulia Mañaritik eta Urkiolatik igaroko da eta, normala den moduan, etxeko txirrindulari Mikel Bizkarra asko poztu zen ibilbidearen berri jakin zuenean. 

Inoiz igo duzu Urkiola lasterketa batean?
Ez, Urkiola sekula ere ez dut igo lasterketa batean. Eta Mañaritik ere sekula ez naiz pasatu lasterketa batean. Ez profesionaletan ez afizionatuetan.  Sasoi batean, Mañaritik afizionatu mailako lasterketa bat egiten zen eta Urkiola igotzen zen. Ni afizionatuetara heldu nintzenerako ibilbidea aldatu eta Urkiola kendu zuten. Eta Urkiolako Igoera ni profesionaletara heldu aurretik desagertu zen. Beti gura izan dut igo, baina ez da suertatu. Oso gustuko dudan mendatea da. 

Joan zen barikuan aurkeztu zuten Itzuliko ibilbidea. Orduantxe jakin zenuen lasterketa zure sorterritik eta Urkiolatik igaroko zela?
Bai, ordura arte ez nekien ezer. Ilusio berezia egin zidan. Hainbesteko prestigioa duen proba bat zure herritik pasatzeak poz itzela ematen dit.

Beraz, orain arte zale modura gozatu dituzu Mañaritik eta Urkiolatik igarotako lasterketak.
Bai. Urkiolako Igoerara urtero joaten nintzen eta oso gomuta onak ditut. Emakumeen Bira eta Itzuliko beste etapa bat Urkiolatik igaro zirenean ere hantxe egon nintzen ikusten eta txirrindulariak animatzen.  

Aurtengo Itzuliko etapa horretako ibilbideak zuretzat aproposa dirudi: Urkiola, Muniketa birritan…
Itzuliko etapa guztiak izaten dira gogorrak. Egia esanda, Urkiola etapa amaieratik urrun geratzen da, baina gero Muniketako igoera biak ere hor daude… Ikusiko dugu, etapa gogorra izango da. Orokorrean, Itzuli gogorra izango da. Ibilbideari dagokionez, aurten 'tranpa' gutxiago dagoela azpimarratuko nuke. Azken urteetan bide estuak igaro izan ditugu, eta jaitsiera arriskutsuren bat edo beste. Asko eskertzen dut horrelakorik ez egotea. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!