Bost urteren ondoren, Urkiola eliteko txirrindularitzara bueltatuko da Itzulian

Joseba Derteano 2024ko ots. 1a, 09:20

Txirrindularitzako lasterketa ofizial bat Urkiola mendatetik igaroko da aurten, aspaldiko partez. Itzuliko azken-aurreko etapan izango da, apirilaren 5ean.  

Sasoi batean, urteroko hitzordua zen Urkiolako Igoera. Sona handiko proba hura orain 15 urte desagertu zen, 2009an, arrazoi ekonomikoengaitik. Urte hartan bertan, Euskal Herriko Itzulian ere igo zuten mendatea, Eibarren hasi eta Gueñesen amaitu zen laugarren etaparen hasieran. Handik urte bira, 2011n, Espainiako Vueltako etapa bat igaro zen Urkiolatik, Bilbon hasi eta Gasteizen amaitu zena. Gizonetan orduantxe igo zuten azkenekoz lasterketa profesional batean. Emakumeetan, 2018ko Emakumeen Bira birritan igaro zen Urkiolatik: alde gogorretik lehenengo, eta bigunetik gero, Otxandio aldetik. Zirkuitu profesionaletik kanpora, BIBE Transbizkaia martxak urtero ekartzen du Urkiola lehenengo planora 2016tik hona. 

Itzuliko etapa
Apirilaren 5eko etapa Gasteizen hasi eta Zornotzan amaituko da. Lemoatik sartuko dira Durangaldean. Zornotza igaro eta Mañarirantz joko dute. Bertatik igoko dute Urkiola. Otxandiotik Dimarantz joango dira eta zirkuitu batean sartuko da lasterketa. Zornotzako helmugara heldu aurretik, Muniketa igoko dute, birritan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!