Mikel Bizkarrak 2025era arte berritu du kontratua Euskaltel Euskadi taldearekin

Anboto 2023ko abu. 8a, 12:19

"Lesioaren ondoren berehala jakinarazi zidaten ez zela ezer aldatzen eta hurrengo bi urteetarako sinatzea baieztatu zidaten", azaldu du txirrindulari mañariarrak.

Lesio gaizto batetik errekuperatzen dabilen honetan, Euskaltel Euskadik bere konfiantza osoa eskaini dio Mikel Bizkarrari (Mañaria, 1989) eta 2025era arte luzatu dio kontratua. Gaur egin du iragarpena, sare sozialen bidez. Horrela, Bizkarrak gutxienez sei urte beteko ditu Euskadi Fundazioaren talde profesionalean, 2020tik hantxe dagoelako. 

Bizkarra taldeko "zutabeetako" bat dela diote eta "erreferentzia bat" taldearentzat eta taldekideentzat. Bere "profesionaltasuna, izaera arduratsua eta erantzunkizuna" nabarmendu eta lesionatu aurretik izandako emaitzak gogoratu dituzte: 16. Volta Comunitat Valenciana; 10. Tour Rwanda; 24. Volta Catalunya; 21. Itzulia Basque Country; 12. Tour Alps; 9. Vuelta Asturias; 16. Mercan 'Tour Classic Alpes-Maritimes eta 10. Mont Ventoux probetan.

Ondoren, Occitanie-n izandako eroriko batean izterrezurraren burua apurtu zuen. Ildo horretatik errekuperazioa uste baino hobeto doala adierazi dute. "Zorionez, bere osatzea uste zena baino hobea izaten ari da, eta baliteke urtea dortsal batekin bukatzea".

Jorge Azanza, Euskaltel-Euskadiko kirol arduraduna ere pozik agertu da Bizkarraren jarraipenarekin: "Bizkarra taldeko oinarrietako bat da. Dohainak erakusten ditu etapa gogorrenetan eta mailarik gorenean; beti dago hor. Profesionaltasunari esker, maila altuari eusten dio. Eta duen esperientzia dela-eta ezinbestekoa da taldeko gazteak hazten laguntzeko. Zalantzarik gabe, bere berrikuntza albiste bikaina da".

Bizkarra: "Ohore bat da bertan egotea"

Mikel Bizkarrak "oso pozik" dagoela adierazi du. "Euskaltel-Euskadi etxeko taldea da, umetan egon nahi dugun taldea, miresten genuen taldea, eta, egia esan, ohorea da orain bertan egotea. Oso eskertuta nago denei, denboraldiko lehen zatia oso ona izan bazen ere, lesioaren ondoren berehala jakinarazi baitzidaten ez zela ezer aldatzen eta hurrengo bi urteetarako sinatzea baieztatu zidaten. Eskertzekoa da lesio larri baten une latz horietan. Oso pozik nago hemen jarraitu ahal izateaz, eta ea urte politak datozen", adierazi du.

Aurrera begira, lesiorik gabeko urteak desio ditu taldeari beragan jarri duten konfiantza itzultzeko. "2020. urtea pandemia izan zen, eta, ondoren, urtero gertatu zait zerbait; urte batean lepauztaia hautsi nuen; beste batean, haustura bat irrati-buruan; eta aurten lesioa larriagoa izan da. Urte oso bat izan nahiko nuke taldeari konfiantza itzultzeko eta laranjaren lehen garaipen hori lortzeko".

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!