“Datorren denboraldiari begira nago; ondo eta presarik barik errekuperatu gura dut"

Anboto 2023ko uzt. 14a, 16:00

Hilabete joan da Mikel Bizkarra (Mañaria, 1989) jausi eta izterrezurraren burua apurtu zuenetik. Apurka eskuin hankako mugikortasuna hobetzen ari zaio, baina ez da hori gehien kezkatzen duena, horren osteko prozesua baino: hankak aurretik zuen indarra berreskuratzea. 

Ekainaren 16an egin zizuten ebakuntza. Errekuperazioa bide onetik doa?
Bai. Lesioa handia izan da eta errekuperazioa luzea izango da, baina ondo doa. Aurreko asteko astelehenean grapak kendu zizkidaten, erradiografia bat egin eta dena ondo dagoela esan zidaten. Ordutik errehabilitazioan nabil. Aurretik ere ariketa batzuk egiten nituen etxean, baina benetako errehabilitazioa oraintsu hasi dut. Bizikleta estatikoan ere ibiltzen naiz apur bat. Ezin diet pedalei ondo eragin, baina apurka mugikortasuna hobetzen laguntzen dit. 

Lesio guztiak dira txarrak, baina izterrezurraren burua apurtzea bereziki lesio konplikatua da?
Nahiko lesio konplikatua da, bai; egoera lasai hartzea eta gauzak ondo egitea, ez dago besterik. Hanka mugikortasuna hartzen joango da, seguru, eta gero indarra hartzen joan beharko naiz. Horrelako lesioetan hankak indar asko galtzen du eta hori berreskuratzea izango da denborarik gehien eramango didana. 

Noiz uste duzu egon zaitezkeela errepidera bueltatzeko moduan? Baduzu aurreikuspenik?
Egia esanda, datorren urtera begira nago. Ondo eta presarik barik errekuperatu gura dut, hanka guztiz osatzeko. Aurten denboraldi amaierako lasterketaren bat korritzeko aukera badut, bada, hobeto, baina ez dut horregaz neure burua presionatuko. Presa izatea ez da sekula ona, eta are gutxiago horrelako lesio baten aurrean. Datorren urtean denboraldiaurrea ganoraz eta inongo arazorik barik egitea gura nuke eta hori posible izango dela uste dut. 

Zelan gogoratzen duzu erorikoa? 
Bakarrik nindoala jausi nintzen, herri batean eskumarako bihurgune bat hartzen nenbilela. Ez nuen izan arinegi nindoan sentsazioa, baina, antza bai, azkarregi sartu nintzen eta konturatu orduko lurrean nengoen. Kolpea izterrezurrak hartu zuen, bete-betean. Ez nuen inongo urraturik egin. Kolpe sikua izan zen. Hezurragaz behea jo eta hantxe geratu nintzen. Horixe izan zen arazo nagusia. Askotan, jausterakoan lurrean laban egiten baduzu, urradura asko izaten dira, baina kolpea bera arinagoa da. Baina kasu honetan ez, zorte txarra izan nuen eta kolpe sikua izan zen.

Tourreko Euskal Herriko etapak etxetik ala bertatik bertara jarraitu ahal izan dituzu? 
Etxetik jarraitu behar izan dut. Euskal Herriko etapak ebakuntza egin eta hamabost bat egunera izan ziren, eta orduan oraindino asko nekatzen nintzen batetik bestera ibiltzeko. Etxean lasai-lasai eta gustura jarraitu dut lasterketa. 

Eta zer diozu Pello Bilbaori buruz?
Lasterketa itzela egin eta maila handia zuela erakutsi zuen beste behin. Poz handia hartu nuen. Naturgas Energia taldean batera ibili ginen profesionaletara pasatu aurretik. Elkarrekin urtebete egin eta batera igaro ginen Orbea taldera. [Edizioa ixterako oraindik amaitu barik zegoen Ion Izagirrek irabazitako etapa].

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!