“Harrobi hau espazio magiko bat izatea gura dugu, naturan arteaz gozatzeko”

Joseba Derteano 2023ko mai. 27a, 10:20

Durangaldeko hainbat artistaren ekimenez, Mañariko Angurreta harrobi abandonatuari bigarren bizi bat eman zioten 2021ean, eta Angurreta Harrobia arte espazioa sortu zuten han. Harrezkero kontzertu bat baino gehiago antolatu dute bertan. Joan zen astean, Tadanori Yamaguchi artista japoniarraren lanak aurkeztu zituzten espazio horretan. 'Denboraren aztarnak' da erakusketaren izena. Victor Arrizabalaga (Mañaria, 1957) proiektuaren sustatzailea da eta ANBOTOren galderei erantzun die.

Zelan deskubritu zenuen leku hau?
Ibilbide luzea izan da. Urteak dira hona etorri nintzela. Badakizu hemen harrobi asko dagoela. Sasoi hartan, Eduardo Txillida Fuerteventuran zegoen. Tindayan mendi bat hutsitu behar zuen. Prentsan esan zuen Euskal Herrian ez ziotela ezer eskaini. Argazki batzuk atera nituen eta bidali egin nizkion. Aste batzuetara erantzun egin zidan. Handik pasatzeko aukerarik egongo litzatekeen galdetu zidan. Gero gaixotu egin zen eta ideia hori bertan behera geratu zen. Leku hau asko gustatzen zait. Leku batua da, eta etorkizunean anfiteatro bat egin gura dugu, eszenatoki eta guzti. Leku zoragarria da kontzertuak emateko, eguraldiari begira egon beharko den arren. Untzillatx, Mugarra, Eskubaratz... burbuila bat dirudi. Meditaziorako lekua dela ematen du. Jesus Landia lagunagaz etorri nintzen, harrobi bat erakutsi gura niola eta. Paseo bat eman eta beste harrobi hau ikusi genuen. Zoragarria zela konturatu ginen. Naturaren barruan dagoen klaustro bat ematen du. Txorien kantua entzun eta zure buruagaz egoteko leku bat da.

Zelakoa izan da instalazio honen sormen prozesua?
Oso prozesu luzea eta konplexua izan da. Proiektu hau gauzatzeko, arkitekto batek, delineatzaile proiektista batek eta Tadanori Yamaguchik parte hartu dute. Produkzio guztia geuk egin dugu. Durangoko tailerrean lan egin dugu. Harrobitik tona biko harri bat jaitsi genuen, aluminioa lantzeko. Tadanorik diseinua egiten du, baina gauzek egin ahala hartzen dute forma. Oso gogorra izan da. Baina piezak magia handiko lanak dira eta oso ondo txertatuta daude inguruan. Harriaren forma materialera pasatu dugu. Forma poliedriko irregularrak dituzte, kateatuta. Mugimendu zoroa dute. Pieza batek behetik pasatzea uzten dizu, interaktuatzea. Beste artelan batek mendiaren profila imitatzen du... Ekosistema kultural bat sortu gura nuke, harrobiaren inguruan zaletasuna eta laguntasuna konpartitzeko. Ea proiektu berriak sortzen diren leku hau herritar guztiei eskaintzeko.

Zelakoa izan da Yamaguchigaz lan egitea?
2005ean ezagutu nuen; beraz, 18 urte pasatu dira elkar ezagutu genuenetik. Gustuko nuen bere obra. Oso forma depuratuak lantzen ditu, eta naturagaz loturiko gai efimeroak: itsasoko urak hondarrean uzten dituen formak marea jaisten denean, sorgin-orratzaren hegoak... oso gauza sofistikatuak eta detaile handikoak dira. Oso sentsibilitate depuratua du. Formalki oso elegantea eta ikusteko gozamena da. Artea musikaren modukoa da, nota musikal bat da. Ulertzen duzu edo ez.

Tadanorik eta zuk elkarregaz lan egin gura zenuten.
Inguruan genuen jendearen artean, proiektu hau egingo genuela pentsatzen genuen bakarrak ginen. Batak bestearenganako konfiantza izan dugu eta erronka pertsonal bat izan da. Hau nire bizitzan inflexio puntu bat da eta bere bizitzan ere hala izatea gura dut.

Zein espazio mota izatea gura zenuke?
Harrobi hau espazio magiko bat izatea gura dugu, naturan arteaz gozatzeko. Eta, ahal bada, lagunekin. Hemen ekitaldiak antolatzen diren neurrian, aisialdirako alternatiba bat izan daiteke. Mañarian harrobi asko dago eta batzuk iraungitze data dute.

Erakusketa honek zer suposatu du zuretzat?
Proiektu honegaz amets bat egia bihurtu da. Denbora honetan, lantaldera batu dudan jende berria ezagutu dut. Lagunen hartu-emana berritzeko ere balio izan dit. Orokorrean, oso atsegingarria izan da. Oso gogotsu ikusi naute proiektua defendatzen, eta lagun asko inplikatu da. Horixe izan da lan honen parterik politena. Apenas ezagutzen nituen pertsonek laguntzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!