[ARGAZKIAK] Mañariko Angurreta Harrobia arte espazioan Tadanori Yamaguchi japoniarraren erakusketa inauguratu dute

Anboto 2023ko mai. 19a, 14:39

Artez eta naturaz gozatzeko lau eskultura handik osatzen dute Angurretako kultur eskaintza berria.

Durangaldeko hainbat artistaren ekimenez, Mañariko Angurreta harrobi abandonatuari bigarren bizi bat eman zioten 2021ean eta Angurreta Harrobia arte espazioa sortu zuten. Harrezkero kontzertu bat baino gehiago antolatu dute bertan, baina gaur aurkeztu dutena da orain arteko egitasmorik handiena.

Angurreta Harrobia kultur elkartearen eta Tadanori Yamaguchi artista japoniarraren arteko elkarlanari esker, azken horrek diseinatutako lau eskultura handi jarri dituzte Mañariko Aldebaraieta auzoan kokatuta dagoen harrobian. 'Denboraren aztarnak' da erakusketaren izena.

Iraila amaitu arte gura duten guztiek bisitatu dezakete, martitzenetik domekara (astelehenetan itxita egongo da). Astegunetan 17:00etatik 19:00etara, eta asteburuetan 12:00etatik 14:00etara. Bisita gidatuak ere enkargatu daitezke angurreta@gmail.com helbide elektronikoaren bidez (pertsonako 5 euro). Abuztuan itxita egongo da eta irailaren 30etik aurrera bisita gidatuen bidez joan ahalko da.

Printzipioz hiru urterako erakusketa da. Ondoren, harrobiak jatorrizko itxura berreskuratuko du, baina ez dute baztertzen eskulturaren bat bertan uztea.

Eskulturak

Yamaguchik beren beregi espazio horretarako egindako piezak dira ikusgai daudenak. Are gehiago: kokatuta dauden toki konkretu horretan hartzen duten zentzua. Erakusketaren esentzia "inguru naturalaren eta artearen inguruko elkarrizketa" lez definitu du Victor Arrizabalagak, Angurreta Harrobia elkarteko arduradunak.

Artelan denak aluminiozkoak dira eta benetako harri baten kontra kolpatuz eman diete erliebea. Materiala lortzeko Aludium eta Heidelberg Material enpresen laguntza izan dute. Era berean, Gerediaga Elkartearen, Aldundiaren eta Mañariko Udalaren laguntza eskertu dute sustatzaileek.

Artelan bakoitzak bere izena du. 'Argi-prisma' izenekoak, bere atzealdean duen Eskuagatx mendia begiratzeko leiho moduko bat eskaintzen du eta, duen kokapenagaitik, distira berezia egiten du eguzkiak jotzen duenean. 'Uholdea' izenekoa horma batetik eskegita dago, gainezka egin duen materialen bat handik behera erortzen balego moduan. 'Masa' izenekoak harrobitik atera ohi zituzten harri handi baten itxura du eta 'Magma' izenekoak bor-borka irteten dabilen zerbait iradokitzen du.

Zergatik Tadanori Yamaguchi?

Arrizabalagak erakusketa baten ezagutu zituen Yamaguchi eta bere obra. Egiten zuena asko gustatu zitzaion. "Gutxi dira munduan harria berak bezala landu dezaketenak", azaldu du Arrizabalagak gaurko inaugurazio ekitaldian. Handik urte batzuetara Angurreta harrobia deskubritu zuenean, "japoniarren lorategi bat" iradoki zion eta segituan egin zuen lotura. "Nor aproposagorik Tadanori Yamaguchi baino. Asmoa azaldu nion eta esan zidan betidanik amestu zuela harrobi batean antzerako zerbait egitea".

Kontzertua eta ikuskizuna

Angurretan hurrengo hileetan izango diren ekimenen berri ere eman dute gaur. Ekainaren 4an Gehi Zazpi biolontxelo taldearen kontzertua izango da. Uztailaren 8an, berriz, Koldobika Jauregi artistaren perfomance bat hartuko du.

Durangoko Madalenatik Angurreta Harrobira ZELAN HELDU

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!