"Victorrek [Arrizabalaga] whatsapp bat bidali zidan harrobiko argazkiekin eta proiektua proposatu zidan. Hasieran brometan zebilela pentsatu nuen. Mañarira etorri nintzen eta harrobia lehenengoz bertatik bertara ikusi nuenean ikusgarria iruditu zitzaidan. Magikoa da", azaldu du gaurko aurkezpenean artista japoniarrak.
Harrobia bere horretan mantendu gura zuten, eta harria kanpotik ekartzeari ez zioten zentzurik ikusten. Beraz, aluminiozko eskulturen proiektua garatu zuten. Harrobiko testurak eskulturara eraman gura izan ditu eta harrobian bertan "ahalik ondoen integratu".
Esperientzia zabala
Yamaguchi Arte Sortzailean lizentziatua da Kyotoko Unibertsitatean (Japonia), gaur egun Asturiasen bizi da. 1997an, Vicente Díez Faixat arkitekto asturiarrak emandako Interbentzio Garaikideak Ondare Arkitektonikoan tailerrean parte hartu zuen, eta, topaketa horren ondorioz, Espainiara bidaiatzea erabaki zuen. Urtebete geroago, 1998an, Espainiara joan zen ikertzaile gisa, Kanpo Arazoetako Ministerioaren beka bati esker, Oviedoko Arte Eskolako Harriari Aplikatutako Arteen Moduluan proiektu bat garatzeko. Urte horretan bertan Candas-eko Eskultura Museoaren beka jaso zuen.
Harrezkero, hainbat erakusketa kolektibo eta indibidual egin ditu Asturias, Leon, Santander, Murtzia, Madril, Bartzelona, Portugal, Londres eta Japoniako erakusketa-areto eta museoetan. Sariak ere eskuratu ditu. Nabarmentzekoen artean, 2000.urtean, Tokyoko Advan Irudimen Arkitektonikoa; 2005ean, Madrid Abierto esku-hartze artistikoa; lehen saria San Martín de Rey Aurelioren Eskulturako IV. Biurtekoan, Asturiasen; eta Naloiko Meatze Autobia eta Korridorerako ideien lehiaketako saria.