Azaldu duenez, Durangaldean arte garaikidea aurkezteko leku falta dagoela-eta erabaki dute espazio berria sortzea. "Durangaldean baditugu museoak, badira arte galeriak. Baina praktika artistiko berriek, performance direlakoek, bat-bateko praktika efimeroek, ez dute espaziorik. Bestelako lekuak behar dituzte horretarako. Eta guri interesgarria iruditzen zitzaigun antzinako harrobi bat berreskuratzea, lekuaren memoria errekuperatzea eta bertan helburu artistikoekin eginiko zerbait sortzea", adierazi du.
Arrizabalagaren berbetan, Angurretak eskaintzen duen eremua "magikoa" da. Formatu txikiko sorkuntzak aurkeztuko dituzte bertan; adibidez, bat-bateko artea, kantaldiak zein errezitaldiak antolatuta. "Harrobiko terrazetan arte erakusketak ere egin daitezke. Artistak planteamendu bereziak bilatu behar ditu lekuari eta inguruneari erreparatuta", dio.
Kanthoriaren emanaldia
Gune artistikoa gaur bertan, irailak 3, inauguratuko dute, arratsalde honetan bertan. Kanthoria taldea arduratuko da horretaz. Ander Berrojalbiz arrabita eta biolin-jotzaileak eta Maider López biola-jotzaileak osatzen duten taldeak Herejeen alaba emanaldia eskainiko dute. Erdi Aroko musika herrikoiaz osaturiko ikuskizuna izango da eta Ainhoa Pineda dantzaria laguntzaile izango dute. Besteak beste, kontzertuan zehar, Joseba Sarrionandia idazle iurretarraren Kristalezko bihotza ipuina musikatuko dute. Ikuskizuna 19:00etan hasiko da. Gehienez ere, 100 lagunentzako lekua egongo da, eta bertaratu gura duenak 633069019 telefono zenbakira deituta erreserbatu beharko du lekua. Ekitaldia Angurreta Harrobiak eta Gerediaga elkarteak antolatu dute, Mañariko Udalagaz elkarlanean.
Bide baten hasiera
Lehenengo harria gaur ipiniko duten arren, elkarteko kideek aurrera begirako egitasmo gehiago antolatu gura dute. "Ekintzekin aurrera jarraitzea da asmoa, betiere gure baliabideek eta eguraldiak ahalbidetzen duten neurrian. Astiro-astiro joan gura dugu, mimoagaz", azaldu du Arrizabalagak.
Angurretako harrobi zaharra Mañariko Aldebaraieta auzoan dago. Bertatik ateratako harria entzutetsua egin zen bere marmol kutsuko tonu belztuagaitik. Harria Mañariko grisa lez ezagutzera ailegatu zen.