Mañariko lursail batean bertoko 500 bat zuhaitz landatuko dituzte domekan bolondresen laguntzarekin

Anboto 2023ko urt. 10a, 13:00
Lurgaia Fundaziotik antolatutako zuhaitz landaketa bateko irudia (Argazkia: Lurgaia Fundazioa)

Landaketan parte hartu gura duenarentzako izen-ematea ostegunean amaituko da.

Mañariko Udalak Urkiolara bidean dagoen baso zati bat erosi zuen 2021ean, bertan baso autoktono bat sortzeko helburuarekin. Ondoren hitzarmen bat sinatu zuen arlo horretan aditua den Lurgaia Fundazioarekin proiektua aurrera eramateko.

Egitasmo horren barruan, bertoko zuhaitzen landaketa bat egingo dute domeka honetan bolondrosen laguntzarekin. Izen-ematea ostegunera arte egongo da zabalik eta helbide elektroniko honen bidez egin daiteke: info@lurgaia.org. Momentuz, 70 bat lagunek eman dute izena. Domekan, 09:30ean, Urkiolako Bizkarra ondoko aparkalekuan jarri dute batzeko hitzordua.

Eguraldiaren arabera, zuhaitz gehiago edo gutxiago landatuko dituzte: 400 eta 600 artean, Lurgaia Fundazioko kideen esanetan. 10-15 bat zuhaitz espezie landatuko dituzte: hainbat aritz mota, elorri zuria, elorri beltza, gorostia eta urkia, besteak beste. Aurrerago, Lurgaiak zuhaitz gehiago landatuko ditu lur sail horretan.

Mañariko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak diruz lagundutako proiektua da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!