Mañariko Udalak 4,1 hektareako lursail bat erosiko du Urkiolara bidean, eta bertoko baso moduan berreskuratu gura du

Joseba Derteano 2021ko uzt. 20a, 08:48

Mañariko Udalak Urkiolara bidean dagoen baso zati bat erosiko du eta etorkizunean baso autoktono bat sortu gura dute bertan. Guztira, 41.314 metro karratu ditu, hau da, 4,1 hektarea. Salerosketa datorren astean bertan gauzatzea da udalaren asmoa, 8.000 euroko inbertsioa eginda.

"Apurka-apurka lursailak erosi eta publiko bihurtzea da gure asmoa, eta euretan bertoko basoak sortzea. Lursail hau erosteko aukera sortu zitzaigun eta aurrera egitea erabaki dugu", adierazi du Ainara Otxotorena alkateak.

Lehenengo, Bizkaiko Aldundiak lursail horiek erosteko interesik ba ote zuen kontsultatu zuten, baina interesik erakutsi ez zutela ikusita, udalak aurrera egin du erosketa prozesuagaz. Lursail horretan pinuak eta antzerako zuhaitzak zeuden. Horiek botata daude gaur egun, eta, beraz, garbituta dagoen eremu bat eskuratuko du udalak.

Etorkizunean hitzarmen bat sinatu gura dute Lurgaia fundazioagaz, adituak direlako lursailak bertoko baso moduan berreskuratzen. "Adituak dira horrelako kontuetan eta euren aholkularitza izango dugu proiektua gauzatzeko", esan dute.

Lurgaia Fundazioa irabazi-asmorik bako erakunde pribatua da eta biodibertsitatearen kontserbazioa eta natura-ondarearen kudeaketa sustatzea du helburu: espezieak, habitatak, loturiko prozesu ekologikoak eta paisaia, besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!