Mañariko Udalak eta Lurgaia Fundazioak 20 urterako hitzarmena sinatu dute baso autoktono bat hazteko

Joseba Derteano 2021ko urr. 25a, 09:00
Lursaila ez da Urkiolara doan errepidetik ikusten, baina bai Saibigainera doan pistatik, Jon Hidalgok azaldu duenez.

Mañariko Udalak 4,1 hektareako —41.314 metro karratu— lursail bat erosi zuen uztailean. Urte askoan pinua eta antzerako zuhaitzak egon diren tokian, baso autoktono bat sortzea da helburua, eta hori lortzeko, zeregin horretan aditua den Lurgaia Fundaziora jo dute. Ildo horretatik, alde biek 20 urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute asteon.   

Orain zuhaitzik bako lursaila da, baina bota aurretik pinuak, jatorri amerikarra duen Lawson espezieko zipresak eta astigar japoniarrak osatzen zuten gune hartako zuhaiztia, Lurgaia Fundazioko Jon Hidalgok azaldu duenez. Hurrengo hamarkada bietan, baso autoktonoa sortzeko lan egingo dute. "Batzuetan, profesionalak arituko dira horretan, baina gure asmoa, batez ere, herritarrekin boluntariotza lana egitea da", azaldu du.

Lursaila Mañaritik Urkiolara bidean dago. Errepidetik ez da ikusten, baina Saibigainera doan pistatik bai, alboan dagoelako. Jendearen bistara egotea positiboa dela uste du Hidalgok, han egiten den lanaren fruituak ikusteko aukera izango duelako edozeinek. Lursail horretan antzina zer zuhaitz egongo ziren galdetuta, hainbat adibide jarri du: urkia, haritza, pagoa, serbala eta gorostia, besteak beste. "Hemendik 25 bat urtera, berez hazten denagaz eta guk landatzen dugunagaz baso autoktono gazte bat egotea da helburua", azaldu du Lurgaiako kideak.

Etorkizunean lursail hori hesitzeko asmoa dute, batez ere lehenengo urteei begira, zuhaitz landareak animaliengandik babesteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!