Frankismoan atxilotutako hamahiru emakumeren istorioa kontatzen duen dokumentala estreinatuko dute bihar Mañarian

Joseba Derteano 2020ko urr. 23a, 09:30

Datuetan arakatuta eta herritarren testingantzak jasota, frankismoan atxilotutako 13 emakumeren istorioa kontatzen du 'Atearen ostean, Mañariko 13 alabak' estreinatuko dute bihar. Mañariko Udalak antolatuta, memoria, erreparazioa eta errekonozimendua uztartuko dituen ekitaldia egingo dute 18:30ean hasiko da pilotalekuan. Ekitaldia Xabier Madariaga kazetariak aurkeztu   eta Elorrioko Antton musikariak girotuko du.

'Atearen ostean, Mañariko 13 alabak' izeneko dokumentalaren estreinaldia ez da ekitaldiko osagai bakarra izango. Esaterako, emakumeen biografiekin eta artxiboetako dokumentu argitaratubakoekin egindako panelez osatutako erakusketa bat ere egongo da ikusgai.

Sinbolismoz betetako beste ekimen batean, hamahiru emakume dantzarik saioa eskainiko diete omentzen diren horien senitartekoei, eta ondoren lore eskaintza bat egingo zaie. Gero, Garazi Sarrionandia mañariarrak egindako koplak abestuko dituzte, hamahiru emakumeei eskainita. Azkenik, Wallart arte enpresak hamahiru emakumeen izenak margoztuko ditu frontoi atzeko muralean.

Egungo osasun egoera dela-eta, frontoiko ekitaldiak edukiera mugatua izango du eta senideei eman diete lehentasuna emanaldian. Hala ere, Gogora Institutuko kideek, elkarte memorialistikoetako kideek eta interesa adierazi duten herritarrek ekitaldian egoteko gonbidapena jaso dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!