Frankismoak kartzelan sartu zituen 13 emakume mañariar omenduko ditu udalak

Jone Guenetxea 2020ko uzt. 22a, 11:43

1937ko uztailaren 29an, frankismoko epaile militarren aginduak betez, herriko hainbat emakume atxilotu zituzten.

1937ko uztailaren 29a. Francoren agindupean zeuden epaile militarrek Mañariko 10 emakume atxilotzeko agindua eman zuten, Bilbo erori eta egun batzuk geroago. Kamioi batean joan ziren euren bila. Kamioian ez zegoen gehiagorentzat lekurik, eta frankistek esan ei zuten biharamunean emakume gehiagoren bila etorriko zirela. Ez ziren bueltatu. 

Memoria historikoa berreskuratu guran, Mañariko Udalak eta Gerediaga elkarteak Durangaldeko historiaren pasarte ilun hau ikertu dute. Emakume hauen senitartekoekin elkarrizketak grabatu dituzte. "Errepresioa jasan zuten emakumeei eta euren familiei justizia, memoria eta erreparazioa eskaintzeko", azaldu dute proiektuaren bultzatzaileek. 

Ikus-entzunezkoa 

Memoria historikoa berreskuratu guran, Atearen ostean, Mañariko 13 alabak proiektua martxan jarri dute. Mañariko Udala dokumentala lantzen ari da Durangoko Bideografik ekoiztetxeagaz batera. Urriaren 24an emakume hauei omenaldia egin gura diete. Osasun ikuspegitik bermerik badago, frontoian ekitaldia egitea da asmoa, Atearen ostean, Mañariko 13 alabak dokumentala proiektatuta. 

Isilean gordeta

Atxilotutako emakume gehienak etxekoandreak eta nekazariak ziren. Baserri inguruan jarduten zuten, eta familia zaintzen zuten. Proiektuaren arduradunek azaldu dutenez, euretako batzuk onartu zuten nazionalisten aldeko botoa eman edo aldeko jarrera zutela Errepublika sasoian. Emakume abertzale talde bateko kideak izan zirela onartu zuten batzuek: Emakume Abertzale Batza. "Frankismoak argi izan zuen Mañariko emakume horien moduko profila erreprimitzea beharrezkoa zela jendarte osoan beldurra hedatzeko". Hainbat gauza leporatu zizkieten: erregimenaz txarto berba egitea edo hegazkin faxistak pasatzerakoan berba txarrak esatea. 

Beste testuinguru batzuetan atxilotutako beste sei emakume mañariarren dokumentazioa ere batu dute. 

Proiektuaren egileek diotenez, gai honen inguruan gutxi berba egin izan da herrian. Hala ere, egitasmo honen bidez, emakumeek frankismoaren aurka egindako lana aitortzea dute helburu.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!