“Atxiloketekin mezu bat bidaltzen zuten, agintean nor zegoen gogoratzen zuten”

Anboto 2020ko urr. 23a, 09:30

1937an, gerra zibila amaitu eta egun gutxi geroago, militar frankistek Mañariko hamahiru emakume atxilotu zituzten. Haien istorioa ezezaguna izan da gehienentzat gaur arte. Oroimena eta errekonozimendua oinarri dituen proiektu batean, Mañariko Udalak eta Gerediaga Elkarteak ikerketa bat egin dute orduan gertatu zena azaleratzeko. Ondoren, Bideografik ekoiztetxeak emakume haien senitartekoen eta ondorengoen testigantzak jaso eta 'Atearen ostean, Mañariko 13 alabak' dokumentalean jaso ditu. Julen Orbegozo dokumentaleko zuzendarietariko bat da.

Emakumerik gehienak, hamar, egun berean atxilotu zituzten, uztailaren 27an. Zer gertatu zen?
Bizkaian boterea irabazi zuenean, frankismoak errepresio orokor bat hasi zuen; eta estrategia horren barruan, baita emakumeen kontrako errepresio propio bat ere. Emakume batzuek profil publikoa zuten, sindikalistak zirelako edo kargu politikoren bat zutelako, baina beste asko ez ziren profil horretakoak eta horixe da Mañarian atxilotu zituzten hamar emakumeen kasua. Guk egindako elkarrizketetan kontatzen dutenez, kamioneta bat etorri zen herrira, militar frankistekin. Antza, mahai bat ipini zuten plazan, eta zerrenda bateko emakumeak atxilotzen hasi ziren. Denak ez zeuden herrigunean. Esaterako, Salome Arteaga ortuan zegoen eta plazan egondako senitarteko batek esan zion hara jaisteko. Jantzi, alaba hartu eta plazara bajatu zen. Zerrendan zegoela konfirmatu eta militarrek atxilotu egin zuten. Batzuk euren seme-alabekin atxilotu zituzten eta baten bat haurdun zegoen.

Nora eraman zituzten?
Bilboko Larrinagako kartzelara. Jendea haserre zegoen herrian atxiloketengaitik eta, antza, baten bat Durangora joan zen hango kargudun frankistekin berba egitera eta beste inor atxilotu ez zezaten eskatzera. Bategaitik edo besteagaitik, ez zen kamionetarik bueltatu. Hamar emakumeek hile batzuk eman zituzten kartzelan, eta txanda bitan askatu zituzten.

Zergaitik atxilotu zituzten?
Atxiloketekin mezu bat bidaltzen zuten, agintean nor zegoen gogoratzen zuten. Bestalde, orduan emakumeak ziren familiaren eta baserriko kudeaketaren benetako pisua zeramatenak. Gobernantza mota horren zutarriak ziren. Euretariko hainbat atxilotzea kolpe gogorra zen Mañaria moduko herri txiki batentzat eta horregaitik atxilotu zituzten. Azkenean, fundamentuzko probarik barik salatutako hamar emakumeren atxiloketa izan zen.

Hiru emakume beste egun batzuetan atxilotu zituzten.
Mañariarrak ziren, baina urte haietan herritik kanpora bizi ziren. Profil politikoagoa ere bazuten. Esaterako, euretariko batek, Miren Edurne Bustintzak, sendo deklaratu zuen abertzalea zela eta propaganda lanak egin zituela. Berari ezarri zioten zigorrik handiena, urte batzuetakoa, baina gaixorik zegoenez, zigor osoa bete aurretik askatu zuten. Gerora, bizi luzea izan zuen.

Zelan joan dira emakume horien ondorengoekin egindako elkarrizketak? Gogoz hartu dute proiektua?
Elkarrizketak egitera joan garenean, esku zabalik hartu gaituzte. Batzuek ondo antolatuta zeukaten zekiten dena, eta gogotsu egon dira kontatzeko. Beste batzuek, ostera, ez zekiten ezer, ezta kartzelan egon zirenik ere. Hau da, emakume atxilotu batzuek ez zieten ondorengoei euren istorioa kontatu. Kasu batzuetan, emakume atxilotuen bitartez barik, euren senitartekoek ondorengoei kontatu dietelako izan da transmisioa.

Mañarian egindako lana beste herri batzuetan ere egingo balitz…
Badakigu herri batzuetan kartzelan egondako emakumeen erroldak badaudena, baina ez dute horren osteko prozesurik martxan ipini, Mañarian moduan. Eredu esportagarria dela uste dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!