Udaletik plazara

"Medikuek argazkiak bidaltzen dizkigute biserak jantzita gure lana eskertuz eta hori hunkigarria da"

Anboto 2020ko mar. 30a, 17:09

Sara Sendino bere etxeko 3D inprimagailuan lanean.

Sara Sendino mañariarrak 3D inprimagailu bat du etxean eta biserak egiten ditu osasun zentroko langileek babes neurri moduan erabili ditzaten. Boluntario dabil beste ehunka lagunen antzera.

Zer dela eta daukazu 3D inprimagailu bat etxean?
3D inprimagailuen moduko makinekin lan egiten dut, baina metala landuz. Apurka afizioa piztu zitzaidan eta gainera badut lankide bat mundu horretan oso sartuta dabilena. Beraz, etxerako bat erostea erabaki nuen. Iazko irailetik daukat. Piezak egiten ditut edo lobentzako jostailuak...

Azken egunotan beste erabilpen bat ematen diozu.
Bai, osasun zentroetako langileentzako biserak egiten nabil. Ni eta mugimendu honetan gabiltzan denok boluntario moduan ari gara. Orain aste bi baino gehiago hasi nintzen. 

Zenbat bisera egiten dituzu egunean?
Hasieran 10 bat egiten nituen egunero. Gero diseinua moldatu zuten hobekuntza batzuekin, eta orain zazpi-zortzi egiten ditut. Biseretako euskarriak egiteko erabiltzen den plastikoa amaitzean, laguntza eskatu nion Mañariko Udalari eta euren bidez lortu dut material gehiago.

Nora eramaten dituzu biserak?
Bila etortzen zaizkit etxera. Bilboko taxistak eta DYA dabiltza, besteak beste, biserak garraiatzen. Formulario bat bete eta hurrengo egunean etortzen dira. Nik astean behin deitzen diet eta egindako bisera denak eramaten dituzte.

Osasun zentroetako langileak esker oneko agertu izan dira egiten duzuen lanagatik.
Bai. Batzutan medikuek eta osasun zentroetako langileek argazkiak bidaltzen dizkigute biserak jantzita gure lana eskertuz eta hori  hunkigarria da. Bakoitzak bere aletxoa jartzea garrantzitsua da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!