[BIDEOA] Eskualdeko hainbat ikasketa zentrotan aurpegia babesteko biserak egiten dabiltza 3D inprimagailuak erabiliz

Joseba Derteano 2020ko mar. 24a, 15:42

Durangoko Maristak ikastetxeko, eta Iurretako zein Zornotzako Lanbide Heziketa zentroetako irakasle talde bat boluntario ari da lanean. Biserak osasun zentroetara bideratzen dira, osasun langileek erabili ditzaten.

Hiru ikastetxeak itxita daude, baina bertako 3D inprimagailuak ez ditu hautsak hartuko. Hiru zentroetako irakasle batzuek inprimagailuak etxera eraman dituzte eta aurpegia babesteko biserak egiten dituzte handik, osasun arloko langileentzat.

Maristak ikastetxean eta Iurretako zentroan, esaterako, egunero 20 bat bisera egitea da helburua. Biserak elementu birekin eginda daude: azetatoz egindako biniloarekin eta pantaila burura lotzeko plastikozko euskarriekin. Plastikozko euskarria 3Dko inprimagailuetan egiten dute eta ondoren aurpegia babesten duen biniloa eransten diote.

Bisera guztiak Hezkuntza Sailaren barruko Tknika zentrora bideratzen dituzte. Zentro honek kudeatzen du biseren banaketa beharrean dauden osasun zentroetara.

Maristetan, biserak ez ezik, maskarilla-babesleak egiten ere hasteko asmoa ere badute.

Boluntario sare zabala

3D inprimagailuak laguntza baliotsua izaten ari dira osasun zentroetarako material faltari aurre egiteko. Mugimendu herritar bat ere badago, Reesistencia Team izeneko taldearen bidez antolatzen dena eta Euskadin ehundaka boluntario ditu. Biserak egiten dituzte eta hauxe da euren webgunea: www.covideuskadi.net.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!