“Entrenamenduekin lortu ezin daitekeen maila eskaintzen dizu onenekin lehiatzeak”

Joseba Derteano 2018ko api. 13a, 09:06

Inork ez dio ezer erregalatu Mikel Bizkarrari. Euskadi Fundazioan zegoela, Euskaltelerako saltoa etorri zitekeenean, taldea desagertu egin zen. Hego Amerikako proiektu berri batera batu, baina engainu bat izan zen. Txirrindularitza uzteak pena ematen zion eta, pauso bat atzera emanda, afizionatuetan aritu zen urtebetez, harik eta Muriasek fitxatu zuen arte. Aurten, Euskadi Muriasekin, onenekin lehiatzen dabil.

Kataluniako eta Euskal Herriko Itzuliak zure lehenengo World Tour lasterketak izan dira. Zelakoa da onenen ligan aritzea?
Lasterketa bietako erritmoa oso altua izan da. Katalunian, egia esanda, zur eta lur geratu nintzen: tentsio itzela, abiadura handia… World Tour mailako taldeekin eta txirrindulariekin aurretik ibilia nintzen, baina sekula ez World Tour mailako lasterketa batean. Hau da, hemen mailarik goreneko taldeak ez dira lau edo bost, baizik eta denak. Eta lasterketa berean denak elkartzen direnean, asko igartzen da abiaduran.

Katalunian ihes eginda ibili zinen ia egunero, ausart eta lotsabako.
Batzuetan gauzak ia gura barik irteten dira. Behin saiatu, eta eguneko ihesaldia hartzen duzu. Beste batzuetan, saiatu eta saiatu ibili arren, ez duzu hartzen, fisikoki indartsuago egonda ere. Bai, Katalunian nahiko gustura ibili nintzen, baina ez nengoen zirudien bezain ondo. Hau da, sarritan telebistan edo bide bazterrean ikusten den lasterketa ez da norberak barrutik bizi duena. Euskal Herriko Itzulian hamar bider hobeto nengoen, baina ez naiz horrenbeste agertu. Nik badakit Euskal Herriko Itzulian maila hobean nengoena.

Ondo egotea bakarrik ez da nahikoa.
Ez. Gura izatea ez da nahikoa ihesaldi bat hartzeko. Tropelean eguneko ihesaldia hartu gura duten 130 txirrindulari egoten dira. Gerra itzela egoten da. Asmatzea, behar den momentuan hor egotea, ez da erraza. Kataluniakoa ikusita, erraza ematen du, ia egunero hartzen nuelako, baina zorte puntu hori izan nuen. Hemen, aldiz, hobeto egonda ez naiz izan gura nuen bezain protagonista.

Onenekin zabiltzanean, indarrak hobeto neurtzen eta erasoaldiak hobeto aukeratzen ikasi beharra dago?
Bai. Batzuetan irteeratik ihesaldiaren bila hasten zara. Kilometroak aurrera doaz, ez duzu lortu eta heltzen da une bat erritmoa oso handia dena. Orduan ezin da ihesaldirik sortu. Eta ez hori bakarrik. Sarritan ibilbidea gogortu egiten da, eta orduan, hain erritmo bizian, nahikoa lan izaten da tropelari jarraitzen ere. Beraz, bai, erregulatzen jakin eta ikasi beharra dago. Maila gutxiagoko lasterketetan bost erasoaldi jarraian jo zenitzake, baina World Tourrekoetan erasoaldi bat jo eta hurrengo hamar kilometroak errekuperatzeko behar zenitzake. Eta, jakina, sarritan nahiko lan izaten duzu tropeleko erritmoari eusten.

Euskal Herriko Itzulian Katalunian baino maila handiagoko txirrindulariak egon dira?
Euskal Herriko Itzulian ibilbidea aldapatsuagoa eta gogorragoa izan da. Niri gehiago gustatzen zait horrelako ibilbidea, baina, aldi berean, ibilbidea zelakoa den jakinda, taldeek eskalatzaile onak ekarri dituzte, edo gutxienez aldapan gora ondo moldatzen direnak. Denbora batean mendate bat topera igotzen zabiltzanean pentsatzen duzu taldetxo bat bakarrik geratuko dela aurrean, baina atzera begiratu eta hantxe daude denak; gutxi batzuk baino ez dira geratu atzean.

Elkarrizketa batean aipatu zenuen Euskal Herriko Itzuliak erakutsiko zizula onenekin zauden, eurengandik gertu zauden edo oraindik koska bat dagoen. Zer ondorio atera duzu?
Egunak aurrera joan ahala, gero eta hobeto nengoela ikusi dut. Lehenengo egunetan urruti samar nengoela sumatzen nuen, baina azken egun bietan oso gustura ikusi dut neure burua. Tropela apurtzen zenean, asko sufritzen nuen, normala den moduan, baina onenekin nengoen. Ondoan nortzuk nituen ikusi eta txarrenak nik baino ehun bider gehiago kobratzen duela ikusten nuen. Azken egunetan gorputza errekuperatu egiten zela eta onenengandik gertu nengoela ikustea motibagarria da.

Onenengana heltzeko koska hori zelan igo daiteke?
Denok ez gara berdinak. Entrenamendu berdinekin batzuek beste batzuek baino maila handiagoa hartzen dute normalean. Onenekin lehiatzea da gakoa. World Tourreko lasterketa batean ibili ostean, etxera etorri, atseden hartu, errekuperatu eta beste erritmo bat duzula ohartzen zara. Entrenamenduek ematen ez duten maila eskaintzen dizu onenekin lehiatzeak. Entrenamenduak beharrezkoak dira, jakina, baina onenen mailara heltzeko, eurekin lehiatzen jardun behar duzu.

Edozelan ere, gustura zaude Itzulian eskainitako errendimenduagaz?
Oro har, bai. Azken egunean birus bat izan nuen tripetan, eta badut horren pena. Azken etapa zen,  gogorrena, Arraten amaitzen zena.  Onenekin nenbilen eta emaitza on bat lortzeko aukera nuen, baina osasunak ez zidan lagundu.

Euskadi Murias taldeak #GureTaldea hastag-a darabil sare sozialetako mezu denetan. Euskaldunak euskal taldeagaz lotzeko modua da. Itzulian sumatu duzu zaleek euskal ordezkari moduan hartzen zaituztetela?
Egia esanda, bai. Jende asko etorri zaigu etapak hasi aurretik edo amaitu ostean gu animatzera. Jendeak ikusi du talde indartsua osatu dugula, protagonista izaten ari garela, etapak irabaztetik gertu izan garela… Zaleak gugaz identifikatu direla sentitu dugu. Euskal Herriko Itzulian asko animatu naute, sarritan nire izenetik, eta ikaragarria izan da. Euskal zaleen arteko pasillo batetik igarotzeak hildakoak ere berpizten ditu. Hanketako minagaz egonda ere, pasillo horretan sartzean hegan moduan zoaz. Hunkigarria izan da.

Zu igotzaile peto-petoa zara. Baina onenen mailan, ordekan ere bizi-bizia izatean da erritmoa. Beharbada oraindik eremu horretan zailtzea falta zaizu?
Orain dela urte batzuk baietz erantzungo nizun, baina gaur ezetz diotsut. Hau da, jende askok galdetzen dit: “Zergatik ez zara hobeto kokatzen mendateak hasi aurretxoetan?”. Edo esaten didate: “Beharbada lautadetan gehiago entrenatu beharko zenuke”. Baina, gero, nigaz bizikletan etorri eta lautadetan ezin didate jarraitu. Ez naiz sekula izango Vasil Kiryienka edo Thomas de Gendt bat. Nik nahikoa dut erruberan sartu eta jarraitzeagaz. Ez dut uste erritmo hori hartzea falta zaidanik. Kontua da erritmo hori ez dudala sekula hartuko. Bakoitzak bere gorputza du. Profesionaletara igo nintzenean, lautadan indar gehiegi gastatzen nuen eta mendateetara hilda heltzen nintzen. Orain, ez. Orain mendate baten hasierara atze samarrean kokatuta heltzen banaiz, kilometro horiek zoramena direlako da. 150 txirrindularik lehenengo tokira heldu gura dute. Telebistak ez du islatzen barruan bizi duguna. Tentsio itzela egoten da, denak topera.  Kanpotik begiratuta, benetan dena baino errazagoa ematen du.

Andaluziako Itzulia gogoratu gura dizut, denboraldiaren hasieran. Mendiko etapa batean, Chris Froomegaz nor baino nor gehiago aritu zinen.
Azken mendatearen hasieran atzean geratu zen. Bere erritmoa hartu zuen. Ni aurrean nindoan, hamarreko taldean. Froomen akordurik ere ez nuen. Kilometro baten faltan larri nindoan, taldearen atzeko muturrean, eta, orduan, bat-batean, Froome ondotik igaro zitzaidan. Ahalegin bat egin nuen eta ez zidan askorik ihes egin. Zazpigarren eta zortzigarren helmugaratu ginen, elkarrengandik zazpi segundora.

Froomegaz orpoz orpo amaitzea bada zeozer!
Tira, aurretik hobeto, ez? (Barrez)

Alpeetako Itzulia duzu hurrengo erronka, datorren astean. Mendate luze eta gogorrak ditu. Aproposagoa da zure gaitasunetarako?
Bai, normalean gurago ditut mendate luzeak. Nik ez dut laburretan behar den esplosibitate hori. Baina erritmo konstante bat ondo mantentzen dut eta mendate luzeetan dohain hori behar da. Agian anbizio handikoa emango du, baina nire helburua aurreneko hamarren artean geratzea da. Onenak doaz eta gaitza izango da, jakina, baina ondo errekuperatzen banaiz, hor inguruan egon naitekeela uste dut.

Espainiako Itzulian parte hartzeko gonbita jaso duzue asteon. Oizen amaitzen den etapa horregaz ametsetan egiten duzu?
Bai, bai. Beti izan dut hiru asteko itzuli bat lehiatzeko ilusioa eta, hori gutxi balitz, zer eta etapa bat etxe alboan amaitzen da. Askotan igo dudan eta asko gustatzen zaidan mendatea da. Berez Munitibarreko aldetik igoko da eta hortik oso gutxitan igo dut, baina, hala ere, amaiera bera da. Jende asko eta giro itzela egongo da, eta etapa hori amets bat da niretzat. Ez dakit zelan irtengo den, ez dakit aurrean egoteko modurik izango dugun, baina saiatuko gara.

Begiratu dezagun atzera. Txikitan pilotan eta futbolean ere aritzen ei zinen. Zergatik aukeratu zenuen txirrindularitza?
Bizikleta asko gustatzen zitzaidan, baina praktikatu baino, ikusi egiten nuen. Egoitz Garcia lehengusuak lasterketa asko irabazten zituen gaztetan. Anaiak ere [Gorka Bizkarra], hasi eta berehala, lasterketa bat irabazi zuen. Euren ibilbidea jarraitzen nuen. Ondoren, neu hasi nintzen. Gogoan dut lodi nengoela. Orain baino hamar zentimetro gutxiago eta hamar kilo gehiago nituen. Imajinatu. Begira, orduan errodadorea nintzen!  

Euskadi Fundazioa, ondoren Hego Amerikako engainua eta afizionatuetara jaitsi beharra… Inork ez dizu ezer erregalatu.
Zelako gorabeherak! Lehen urteak onak izan ziren Orbean eta Euskadi Fundazioan. Euskaltelen filialean gauzak ondo eginez gero, gora pasatzeko aukera hori hor zegoen. Aukera heldu zitekeenean, Euskaltel desagertu egin zen. Euskadi Fundazioa ere desagertu behar zela zirudien. Pino Road Hego Amerikako talde berri batera batzea proposatu zidaten, baina iruzurra izan zen. Otsailean, denboraldi hasieran, talderik barik geratu nintzen. Txirrindularitza horrela utzi beharrak pena ematen zidan. Gomurrek afizionatuetan aritzeko aukera eskaini zidan eta oso gustura aritu nintzen eurekin. Esperientzia nuen eta afizionatuetako egutegirik onena izan nuen. Murias sortu zenean, Jon Odriozolak taldean hartu ninduen eta, harrezkero, taldeagaz batera gorantz egin dugu. Orain asentatu egin garela dirudi, bai taldea eta baita neu ere. Une txarrak igaro dituzunean, gehiago baloratzen dira momentu onak datozenean.

Mañarian, etxe alboan, Urkiola mendatea izanda, imajinatzen dut entrenamenduetan gehien igo duzun mendatea izango dela.
Ba, ez. Etxetik irten eta berehala, hotz-hotzean, horrelako mendate bat igotzeak ez du zentzu handirik. Durangorantz irteten naiz. Inguruko beste mendate denak mila bider igoko nituen, baina Urkiola, gutxitan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!