Gizonak binaka eta emakumeak lau t'erdian ariko dira Mallabiko Biharko Izarrak txapelketan

Anboto 2023ko mar. 21a, 09:04
Biharko Izarrak txapelketako pilotariak Mallabiko Udaleko eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariekin atzo Trabakua Beheko jatetxean.

Martxoaren 30etik aurrera eguenero egongo dira partiduak Mallabia I pilotalekuan ekainaren 9ko finalera arte.

Atzo Biharko Izarrak pilota txapelketaren 19. aldia aurkeztu zuten Mallabian. Aurten hamasei gizon ariko dira binaka eta lau emakume lau t'erdian, Mallabia I pilotalekuan.

Emakumeen txapelketa iaz antolatu zuten lehenengoz lau pilotarigaz, baina hiru partidu besterik ez zituen izan: finalerdi bi eta finala. Aurten ere lau pilotarik parte hartuko dute, baina txapelketak egitura sendoagoa du eta gizonen joko sistema berdinarekin ariko dira. Hau da, sei jardunaldiko ligaxka batean, denek denen kontra jokatuko dute eta hortik irtengo dira finalista biak. Protagonistak gaur eguneko pilotari onenetakoak dira: Miren Larrarte, Amaia Aldai, Olatz Arrizabalaga eta Leire Garai. Emakumeen txapelketa apirilaren 27an hasiko da Arrizabalagaren eta  Aldairen arteko  partiduagaz.

Gizonen txapelketari dagokionez, normalean baino pilotari gazteagoak gonbidatu dituzte. "Txapelketaren izenak dioen moduan beti saiatzen gara pilotari gazteei aukera ematen, baina aurten ohi baino gazteagoak dira. Maila oso onean dabiltza eta txapelketa ederra eskainiko digute, seguru", adierazi zuen atzoko aurkezpenean Carlos Garciak, txapelketako antolatzaile batek.

Bizkaitar gutxi

Historikoki, Biharko Izarrak-en 24 pilotarik parte hartu izan dute gizonetan, baina iaz hamaseira murriztu zuten eta aurten kopuru horri eutsi diote. Maila handiko pilotari gazteak bilatzea gero eta gatxagoa dela adierazi zuten antolatzaileek. Gabezia hori bereziki handia da Bizkaian. Aurtengo txapelketan ez dago Durangaldeko ordezkaririk eta bizkaitarrak  hiru bakarrik dira: Xabi Rekalde dimoztarra, Aimar Ibarloza markinarra —iaz azpitxapeldun geratu zen Mallabian— eta Oier Hormaetxe lezamarra. Emakumeetan Olatz Arrizabalaga gernikarra eta Amaia Aldai dimoztarra dira Bizkaiko ordezkariak.

Gizonen txapelketa martxoaren 30ean hasiko da honako partidu biekin: Igoa-Ibarloza / Rekalde-Lazkoz eta De la Fuente-Apezetxea / Hormaetxe-Azpiroz. Ordutik aurrera eguenero egongo dira jardunaldiak, 21:00etan hasita. Finalerdiak eta finala ekainaren 1ean eta 9an izango dira, hurrenez hurren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!