Ioritz eta Jon Gisasola lehengusuek IV. Euskal Pentatloian parte hartuko dute domekan, Tolosako zezen plazan

Anboto 2023ko eka. 8a, 09:00

Ioritz eta Jon Gisasola

Iaz lehenengoz parte hartu zuten binaka eta bigarren geratu ziren.

Datorren domekan, 18:00etan, IV. Binakako Euskal Pentatloiko finala jokatuko da Tolosako zezen plazan. Mutiletan sei bikote ariko dira eta euretako bat Durangaldekoa da: Ioritz eta Jon Gisasola lehengusuek osatzen dutena. Mallabiko bikoteak iaz parte zuen lehenengoz eta bigarren tokian amaitu zuen. Finaleko bikote denen maila handia dela jakitun, euren mailarik onena ematea eta final on bat burutzea izango dute helburu.

Gizonetan, honako hauek dira gainerako bikoteak: Andoni Iruretagoiena-Xabat Olaizola, Xabier Zaldua-Aratz Mugertza, Julen Gabirondo-Beñat Telleria, Aritz Irazabal-Beñat Amade eta Julen Kañamares-Jagoba Otaegi. Egin beharreko lana, berriz, honako hau izango da: Harriari 40 jasoaldi, giza-proban lau plaza, aizkoran lau kanaerdiko, txinga-eramaten zortzi plaza eta korrika lau kilometro.

Emakumeetan hiru bikotek parte hartuko dute eta ez dago eskualdeko ordezkaririk: Nerea Arruti-Amalur Arbelaitz, Lucia Orbe-Julia Martinez eta Oihana Barrena-Lur Errekondo. Emakumeek 20 jasoaldi emango dizkiote harriari, plaza bi egingo dituzte giza-proban eta beste sei txingak-eramaten, 45 ontzako enbor bi moztuko dituzte aizkoran eta kilometro bian korrika ibiliko dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!