Gisasolatarrek bigarren amaitu dute binakako Euskadiko Pentatloi txapelketan

Joseba Derteano 2021ko eka. 21a, 10:33

Asteburuan Tolosan lehiatutako finalean, Ioritz eta Jon Gisasola lehengusuak aritu ziren gizonetan eta Karmele Gisasola emakumeetan.

Gizonetan Jexux Mari Iruretagoienak eta Andoni Iruretagoienak irabazi zuten txapelketa honako denborarekin: 40.24. Ioritz eta Jon Gisasolak 2.41 minutu gehiago behar izan zuten euren lana amaitzeko. "Oso pozik gaude egindakoarekin. Guk gure lana oso ondo egin genuen", adierazi du Ioritzek. "Korrika egin beharreko azken probara aurretik heltzen baginen irabazteko aukerak ikusten genituen, baina harri-probetan aldea atera ziguten. Gero, atzetik-atzetik joan ginen, eta ezin izan genituen harrapatu", gogoratu du. Lehengusuek osatutakoa finaleko bikoterik gazteena izan zen. Ekain hasierako finalerdietan lehenengo postuan sailkatu ziren finalera.

Emakumeen pentatloi txapelketa nobedadea izan zen.Bikote bik parte hartu zuten eta Karmele Gisasola mallabiarrak eta Uxue Ansorregi mendaroarrak osatutakoa izan zen euretako bat. Azkenean, Lucia Orbek eta Garazi Arrutik osatutako bikotea gehiago izan zen eta eurentzat izan zen txapela. "Gustura gaude egindako lanarekin, baina ikusi zen oraindik asko dugula ikasteko. Entrenatzen jarraitu beharko dugu", adierazi du Gisasolak. Bikote honen hurrengo hitzordua uztailaren 24an izango da, Berrizen lehiatuko den Bizkaiko pentatloi txapelketan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!