Gisasola lehengusuek elkarregaz parte hartuko dute Euskadiko pentatloi txapelketan, eta Xabier Zaldua izango dute botilero

Joseba Derteano 2021ko mai. 28a, 19:25

Orain hiru urte herri kirolen banakako pentatloi txapelketa berreskuratu zutenetik, ikusminak gora egin du eta urteroko hitzordu bihurtu da. Kirolariak diziplina askotan beharrean ipintzea arrakasta izaten ari den formula da. Olatua aprobetxatuz, zenbait aldaera sortu dituzte eta Euskadiko binakako txapelketa da euretariko bat. Asteburu honetan hasiko da eta Durangaldeak bikote bat izango du. Ioritz Gisasola eta Jon Gisasola lehengusuek elkarregaz parte hartuko dute.

Zapatu honetan Tolosako zezen plazan lehiatuko dira, eta sei onenen artean sartzea eta ekaineko hirugarren asteburuan jokatu den finalera sailkatzea izango dute helburu.

Pentatloi txapelketak errege bat du eta Xabier Zaldua da bere izena. Zumarragako kirolariak orain arte lehiatu diren Euskadiko banakako hiru txapelketak irabazi ditu. Baina binakakoan ez du parte hartuko, ekainean apustu bat duelako Julen Gabirondoren kontra eta hitzordu hori prestatzen dabilelako buru-belarri.

Parte hartzaile ez bada ere, txapelketari bertatik bertara jarraituko dio, Gisasola lehengusuen entrenatzailea da eta. Ioritzek kontatu du hartu-eman hori zelan sortu den: "Banakakoan parte hartzen hasi zenean, harri-jasotzen hobetu gura zuen eta Zelairi [Jose Antonio Gisasola, Jonen aita] laguntza eskatu zion. Sarritan etortzen zen Mallabira eta hartu-eman itzela sortu zen beragaz. Orain bera dabil guri laguntzen".

Horrelako txapeldun baten laguntzak gauzak "asko errazten" dituela onartu du aizkolari mallabitarrak: "Trantsizioak zelan egin, zailtasun bakoitzaren aurrean zelan jokatu… Laguntza handia da. Oso entrenamendu onak egiten gabiltza". Astegunetan Mallabian entrenatzen dira eta asteburuetan Gipuzkoara joaten dira, Zalduagaz entrenamenduak egitera.

Aholku eta entrenamendu guztiak beharko dituzte, goi mailako kirolarien kontra arituko dira eta. Zaldua eta Gabirondo ez dira arituko, baina, hala ere, hainbat diziplinatatik etorritako kirolari indartsuek parte hartuko dute. Esaterako, Aitzol Atutxa aizkolariak. "Maila handiko txapelketa izango da", uste du Ioritzek. Guztira, hamabi bikotek parte hartuko dute.

Lan banaketa
Honako hau da bikote bakoitzak egin beharko duen lana: 20 altxaldi 100 kiloko bolari, giza proban plaza bana, kanaerdiko enbor bi moztu aizkoragaz, sei plaza txingak eskuetan hartuta, eta kilometro bi korrika. Bikoteko kide bakoitzak lan minimo bat egin beharko du proba bakoitzean. Lehengusuen kasuan, bakoitzak bere espezialitatean egingo du lanik gehien: Ioritzek aizkoragaz eta Jonek harri-jasotzen. Giza proban eta txinga eroaten lan berdina egingo dute: plaza bana eta hiru eramanaldi bakoitzak, hurrenez hurren. Azkenik, Jonek 800 metro egingo ditu korrika, eta Ioritzek 1,2 kilometro.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!