"Hurrengo partidura arte atseden hartuko dut bai fisikoki eta baita psikologikoki ere"

Anboto 2023ko eka. 6a, 10:57

Hedabideetako kazetarien galderei erantzun zien atzo Aitor Elordik Mallabiko udaletxean.

Aitor Elordik domekako jaiaren ostean biharamuna izango zuen atzo, baina ez zitzaion igarri ere egin. Mallabiko udaletxean kazetariekin batu zen galderak erantzuteko. Pilotari mallabitarrak azaldu zuenez, "hurrengo partidua ekainaren 16an jokatuko dut herrian, eta ordura arte atseden hartuko dut bai fisikoki eta baita psikologikoki ere. Urte gogorra izan da eta ondo etorriko zait udari aurre egiteko. Gauzak lortzen dituzunean momentuan bertan ez zara kontziente, baina egun hauetan askoz hobeto asimilatuko dut". beraz, buruz buruko txapeldun denetik, lehenengo partidua Mallabian jokatuko du.

Elordik domekako partiduan erakutsi zuen jokoari buruzko gogoeta ere egin zuen: "Bagenekien Altunari irabaztea zaila zela baina ez ezinezkoa. Horrelako final bat irabaztea pastelari falta zitzaion ginga izan da. Partiduan sartzea kosta zitzaidan hasieran, baina banekien ildo berean jarraituko nuela partidua amaitu arte. Ez nuen etsi eta aurrera egin nuen. Partiduaren bigarren zatian pauso bat aurrera egin nuen eta horri eskerrak markagailuari buelta ematea lortu nuen. Burua hotz izan nuen eta kontzentrazioa mantendu nuen amaierara arte. Dinamika aldatzea eta arriskatzea erabaki nuen. Biok partidu konpletoa egin genuen eta uste dut jendeak disfrutatu egin zuela".

Orain, mallabitarrak partiduz betetako uda izango du. Aitortu duenez, "mailari eustea" izango da helburua. Pilotan erreferente bilakatu da, baina hankak lurrean ditu. "Badakit txapela ez dela beti helduko konpetentzia oso handia delako".

 

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!