Aitor Elordi buruz buruko txapeldun, Jokin Altuna 22-18 menderatu ostean

Anboto 2023ko eka. 4a, 19:32
Aitor Elordi gaurko partidua irabazi eta gero. (Argazkia: @ASPEpelota)

Mallabitarrak sekulako jokoa erakutsi du Bizkaia frontoian jokatutako finalean.

Jokin Altuna lau tantoko aldearekin heldu da lehenengo atsedenaldira (8-12), baina bete-beteko partidua jokatzen ari ziren eta markagailuari arriskua ikusten zitzaion. Kantxara bueltan, Elordi 11-12 hurreratu da markagailuan hiru tanto ederri esker: hirurak gantxoz amaitu ditu, aurretik botera sekulakoak eman ostean.

Ondoren, batak zein besteak tanto politak tartekatu dituzte. Sake-erremate bati esker Elordik 14na berdindu du partidua. Pilota biziago zerabilen botez eta agintzen ari zen. Azpimarratzekoa izan da berdinketa hautsi duen tantoa, Elordik boleaz egindako bi hormako azkar bat: 15-14. Eta hurrengoa beste gantxo zehatz bat: 16-14. Mallabitarra hazita zebilen eta aldetxoa hartu du: 18-14. 

Hurrengo tanto biak Altunarenak izan dira. Partidua berdindu zezakeela zirudien, baina gantxo bat txapapera joan zaio eta berriro arnasa hartu du Elordik: 19-16. Ondoren, 19-17, 20-17 eta 21-17 jarri dira. Txapela esku eskura zuen. Hurrengo tantoa Altunak egin du: 21-18. Baina hurrengo sakea laburregi atera du amezketarrak eta Elordi 22ra heldu da. Txapeldun! Egundokoa egin du mallabitarrak.

Denboraldi gogoangarria

Txapel honekin gogoratzeko moduko denboraldia itxi du mallabitarrak. Bera izan da urteko pilotaririk onena, zalantzarik gabe. Binakako txapelketa nagusia irabazi du Jose Javier Zabaletarekin, lau eta erdian hirugarren geratu da eta, orain, urtebetez gutxienez, elastiko gorriarekin jokatuko ditu partidu guztiak, buruz buruzko txapelduna delako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!