Aitor Elordik Mallabian jokatuko du lau eta erdiko txapelketako hirugarren eta laugarren posturako partidua, domekan

Anboto 2022ko aza. 11a, 10:00
Aitor Elordi, Ezkurdiaren kontrako garaipenako une batean. (aspepelota.eus)

Peio Etxeberria nafarra izango du kontrario.

Aitor Elordi lau t'erdiko finaletik kanpora geratu zen joan zen asteburuan, Jokin Altunaren kontra galdu ostean. Baina txapelketa oraindik ez da amaitu mallabitarrarentzat. Hirugarren eta laugarren posturako partidua falta zaio. Domeka honetan 17:00etan jokatuko du, Mallabiko pilotalekuan eta Peio Etxeberriaren kontra.

Elordik goi-mailako txapelketa osatu du. Altunaren kontra jokatu aurretik, ligaxkako partidu guztiak irabazi zituen, Joseba Ezkurdiaren, Unai Lasoren eta Danel Elezkanoren kontra.

Mallabiko jaialdia binakako partidu batek osatuko du: Elezkano II eta Rezusta, Larrazabalen eta Albisuren kontra.

Sarrerak

Sarrerak online erosi ahal dira www.entradasfronton.com webgunean; baita egunean bertan txarteldegian ere, 16:00etatik aurrera. Horiek 30 euroko kostua izango dute helduentzat, eta 14 urtetik beherakoentzat, berriz, 5 eurokoa. Pilota-eskolako haurrentzat doan izango da.

Idi-probak

Asteburu honetan idi-probak ere egongo dira Mallabian. Zapatuko saioa Rafa Alegria, Juanjo Etxebarria, Txinlo eta Garaiarrek osatuko dute eta domekakoa Bengouria, Lopategi eta Elorrietak. Saio biak 21:00etan hasiko dira, probalekuan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!