Aitor Elordik ezingo du hurrengo jardunaldia jokatu ezker eskua minduta duelako

Anboto 2023ko urt. 18a, 10:29
(Artxiboko irudia: aspepelota.eus)

Iker Irribarriak jokatuko du mallabitarraren ordez.

Aitor Elordik min hartu zuen ezker eskuan joan zen asteburuan jokatutako partiduan eta, Aspek jakinarazi du, ez duela hurrengo jardunaldia jokatuko barikuan, Urdulizen. Bere ordez Iker Irribarria arituko da Jose Javier Zabaletarekin batera. Joseba Ezkurdia eta Julen Martija izango dituzte kontrario.

Elordi eta Zabaleta sekulako mailan aritu dira orain arte. Jokatutako zortzi partiduetatik zazpi irabazita, sailkapeneko liderrak dira.Joan zen asteburuan heldu zen porrot bakarra: 21-22, Jokin Altunaren eta Xabier Tolosaren aurka, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Partidu luze, borrokatu (826 pilotakada) eta parekatua (6-6, 9-9, 18-18, 20-20, 21-21) jokatu zuten eta Altunak txokoan amaitutako tantoak erabaki zuen partidua.

Morgaetxebarria, promozio mailan

Aimar Morgaetxebarria zornotzarra ere maila oso onean dabil Promozio Mailako txapelketan, Joanes Bakaikoarekin batera. Une honetan sailkapeneko hirugarrenak dira, bost garaipenekin eta hiru porrotekin.

Hurrengo partidua domekan jokatuko dute, Etxebarrin, Agirreren eta Iztuetaren kontra. Azken hauek lau garaipenekin daude sailkapenean.

Morgaetxebarriak txapelketako partidu bat baino gehiago jokatuko du Zornotzan, bere sorterrian, eta otsailaren 3ko partidua ere hantxe izango du Salaberriaren eta Etxebarriaren aurka. Partidu horretarako sarrerak LOTURA HONETAN eskuratu daitezke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!