Aitor Elordik 22-18 menderatu du Unai Laso eta lau t'erdiko finalerdietarako sailkatu da

Anboto 2022ko urr. 22a, 19:49
(Artxiboko irudia)

Aitor Elordik lau t'erdiko txapelketa nagusiko finalerdia jokatu du bere ibilbidean lehenengoz. Gaur Bizkaia frontoian jokatutako partiduan, erakustaldia eman du hasieran eta ofizio handia erakutsi du azken txanpan.

Pilotari mallabitarrak sekulako maila eman du lehenengo erdian. 0-10 aurreratu da mota guztietako tantoak amaituz; ederrenak, boleaz egindako horma biko indartsu bi. Sakez asko asmatu du eta dena irten zaio.

Estreinako tantoa egin duenean Lasoren erreakzioa heldu da. Sakez dezente asmatu eta kantxa erdia bere egin du. Markagailuan 10-15 hurreratu da. 

Hala ere, Elordik serio jokatzen jarraitu du. Fisikoki sasoi betean dagoela erakutsi du eta tanto luzeetan ere nor baino nor gehiago aritu da buruz buruko txapeldunaren kontra: 16-19. 

Partidua une horretan zegoela, Lasori kanpora joan zaio kantxa erdiko gantxo bat: 16-20. Mallabitarrak gertu zuen garaipena. Laso 18-20 hurreratu da, baina azkenengo tanto biak Elordirentzat izan dira: 18-22. 

Joan zen astean, Elordik Joseba Ezkurdia menderatu zuen: 22-17. Garaipen harekin eta gaurkoarekin matematikoki sailkatuta dago lau t'erdiko txapelketako finalerdietarako. Multzoburua izango da gainera. Sekulakoa!

Multzo honetako bigarren sailkatua azken jardunaldian erabakiko da Unai Lasoren eta Joseba Ezkurdiaren arteko partiduan.

"Ikaragarria da, sinestu ezinik nago oraindik. Aurreko urtean baino pauso bat gorago heldu naiz eta oso pozik nago", adierazi du mallabitarrak partidua amaitu osteko elkarrizketan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!