“Iazko alditik ikasgai bat atera nuen: handienei irabazteko gai naizela sinestea"

Joseba Derteano 2022ko urr. 18a, 11:00

Iaz lehenengoz parte hartu zuen lau eta erdiko txapelketako ligaxkan. Altunaren kontrako estreinako partiduan irabazteko aukera izan zuen, baina azken txanpan zeozer falta izan zitzaion. Azkenean, porrota: 22-17. Aurten, Joseba Ezkurdiaren kontrako estreinakoan emaitza bera islatu du markagailuak partiduaren amaieran, baina oraingoan mallabitarra izan da 22ra heldu dena. 

Mahai gainean kolpe gogorra eman zenuen, Aitor!
Tira, nire helburua 22ra heltzea zen. Partidua hasi aurretik, irabazteko aukera gutxi nuela ikusten nuen beharbada, baina aldi berean banuela aukera sinesten nuen. Joko aldetik oso ondo nengoen eta konfiantzagaz irten nuen kantxara. Horrelako partiduak irabazita, onenen kontra jokatzeko kapaz naizela ikusten dut. 

12-9 galtzen egotetik 12-18 irabaztera pasatu zinen. Bolada on horretan egon zen garaipenaren gakoa?
Lehenengo zatia nahiko gogorra izan zen. 12-9 heldu ginen atsedenaldira. Hortik bueltan, fisikoki errekuperatuta eta fresko nengoen. Beharbada Ezkurdiari gehiago kostatu zitzaion eta ez zuen zirrikiturik ikusten tantoa amaitzeko. Nik asko asmatu nuen tantoa amaitzerako orduan eta, bai, hortxe egon zen partiduko gakoa. 

Iazko esperientziak lagundu egin dizu aurten kantxan lasaitasunari eusten eta argiago pentsatzen?Bai. Horrelako izar handien kontra jokatzerakoan, puntako jokalariak direla kusten duzu eta horrek arrisku bat du: ez sinestea zeure buruarengan, ez sinestea eurei irabazteko kapaz zarela. Altunaren kontra horixe gertatu zitzaidan iaz. Azkenerantz, irabazteko aukera ikusi nuenean, beldurtu-edo egin nintzen. Partidu hartatik eta iazko alditik ikasgai bat atera nuen, aurtengorako baliagarria izan zaidana: neure buruarengan konfiantza osoa izatea eta handienei irabazteko gai naizela sinestea. 

Zapatu arratsaldean buruz buruko txapelduna izango duzu aurrean: Unai Laso. Hau ere aurkari gogorra, baina beste jokamolde bat duena. Aldatu egingo duzu partiduari aurre egiteko modua?
Ez. Neurri batean, pilotari desberdinak dira, bai, baina ez dut uste partiduari modu diferentean aurre egin behar diodanik. Nire helburu nagusia ondo sentitzea eta neure onena ematea izango da. Hori lortzen badut, Lasori gerra emateko gai naizela uste dut, eta, zorte apur bategaz, partidua irabazteko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!