Trabakua gaineko radarra ez dago martxan oraindik

Joseba Derteano 2021ko ots. 22a, 12:29

Azpiegitura ezartzeko obra zibilarekin hasi dira, baina hainbat urrats falta dira martxan jarri aurretik.

Jaurlaritzako trafiko sailak ibilgailuen abiadura neurtzeko radar bat jarriko du Trabakua gainean. Egunotan radar horretaz ohartarazten duen kartela jarri dute mendatean eta sare sozialetan bolo-bolo zabaldu da, gertaera horren abisua emanez.

Radarra dagoeneko martxan dagoen galdetu du ANBOTOK Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzan eta erantzuna ezezkoa da. “Radarra instalatzeko obra zibila egiten hasi dira, baina ez dago martxan”, azaldu dute Trafiko Zuzendaritzako iturriek.

Martxan noiz jarri daitekeen galdetuta, nahiago izan dute gutxi gorabeherako datarik ez eman. Izan ere, azaldu dutenez, hainbat urrats falta dira oraindik eta denak ez daude Jaurlaritzaren esku; esaterako, Madriletik heldu beharko litzatekeen ziurtagiri bat.

Probaldia

Obra zibila amaituta eta ziurtagiriak lortuta daudenean, radarraren probaldia hasiko da; hau da, epealdi batean martxan egongo da, funtzionamendu osoan, baina ez dute salaketarik edo isunik jarriko.

Epealdi hori gainditzen duenean, azkenengo pausoa emango dute: radarra martxan jarriko denaren abisua Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Tarteko radarra

Bere sasoian, Trafiko Zuzendaritzak informatu zuenez, Trabakuan BI-633 errepideko 37-40 puntu kilometrikoen artean egongo da martxan radarra eta tarteko radar bat izango da.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!