Abiadura neurtzeko radar bat ipiniko dute Trabakuan

Joseba Derteano 2020ko urt. 15a, 12:58

Eusko Jaurlaritzak ibilgailuen abiadura neurtzeko radar bat ipiniko du Trabakua gainean, Bizkaiko Aldundiak eskatuta. Halaxe jakinarazi du Aldundiko Azpiegitura eta Lurralde Garapena Saileko diputatua den  Imanol Pradalesek, gai horren harira Batzar Nagusietako batzorde batean Bizkaiko PPk egindako galderei erantzunez.

2016an Trabakua gaineko errepidea hobetzeko lanak burutu zirela gogoratu zuen Pradalesek, eta gaur egun han gertatzen diren istripuak "gehiegizko abiaduragatik" izaten direla batez ere. Errepide horretatik egunero 7.700 ibilgailu pasatzen direla azaldu zuen, eta %13k ez duela abiadura muga errespetatzen.

44 istripu 2010etik 2018ra
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak kudeatzen du trafikoa, eta  euren webguneko datuen arabera, 2010etik 2018rako epealdian 44 istripu gertatu dira Trabakuan, Berrizen igoera hasten den puntutik Markina alderantza aldats behera amaitzen den puntura bitartean. Istripu horietan lau lagun hil (2016an bi eta 2013an eta 2010ean bana) eta 85 zauritu dira, euretariko bost larri.

Igor Agirre Mallabiko alkateak begi onez ikusten du Trabakuan radarra ipintzeko neurria, eta gogoratu du bai bera eta bai Orland Isoird Berrizko alkatea behin baino gehiagotan batu izan direla Aldundiko ordezkariekin, Trabakuan abiadura gutxiagotzeko neurriak eskatzeko. "Berriztik Markinara istripu asko gertatzen dira eta beharrezkoa da neurriak hartzea arazoari aurre egiteko", azaldu du Agirre alkateak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!