Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko ardura duen Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa (GHK) erakundeak datorren martitzen goizeko batzarrean berretsi behar du aurreakordioa. Bizkaian berrespen hori egitea Aldundiko batzar nagusiari dagokio. Pauso hori ematen denean, Gipuzkoako zaborrari irteera emateko bere sasoian abiatu zuten lehiaketa publikoa bertan behar utziko dutela aditzera eman du Asensiok. “Ez da lehiaketa publikoaren prozesuagaz aurrera jarraitzeko beharrik egongo”, adierazi du. “Hein batean, Bizkaiko aldundiak irtenbidea eskaini badigu, hondakinak beste herri batera ez bidaltzeko izan da, kasu honetan Mallabira”, gehitu du. Lehiaketa hartara aurkeztu zen enpresa bakarra Mallabiko Betearte izan zen.
Adostasunera heltzeko Bizkaiko Aldundiak eta ingurumen arloko diputatu Elena Unzuetak erakutsitako "jarrera ona" eskertu ditu Asensiok. Akordioaren bidez, "Gipuzkoak hondakinak jasotzeko eta tratatzeko zerbitzua ehuneko ehunean bermatuta izango du", azpimarratu du.
Aldundi bien arteko hitzarmena urte bikoa da, luzagarria izan daitekeena. Bizkaira bideratutako zaborra Garbiker erakundeak kudeatuko du. 2018an, irailaren 1etik urtea amaitu arte, 20.000 tonelada hondakin gutxienez, eta 25.000 gehienez, bideratuko dituzte Bizkaira. 2019an, 20.000 tonelada ekarriko dituzte Bizkaira gutxienez, eta 60.000 gehienez. Bizkaiak, esaterako, Zabalgarbiko errauskailura bideratu ditzake hondakinak.
Prezioari dagokionez ere, lehen aipatutako bi aldiak bereizten dira. Horrela, 2018an, ulertzen da Gipuzkoako hondakinak aldez aurretik tratatu gabe iritsiko direla, eta horrek ekarriko duela Bizkaiak bere kudeaketa fluxuak aldatu beharra. Hori dela eta, gaur egun indarrean dagoen 119 euro/tonako prezio publikoari 15,54 euro gehitu beharko zaizkio. 2019rako, aldiz, aurreikusita dago Gipuzkoako hiri hondakin solidoen zati bat Zubietako tratamendu mekaniko biologikoko plantan aurretratamendua jaso ondoren bidaltzea, eta kasu horretan lurraldean indarrean dagoen prezio publikoa bakarrik ordainduko da.