Mallabiko Udalak ez du Gipuzkoako hondakinik gura

Joseba Derteano 2018ko mar. 23a, 16:50

EAJ eta EH Bildu, udalean ordezkaritza duten alderdi biak, Gipuzkoako hondakinak Mallabira ekartzearen kontra daude eta euren esku dagoen dena egingo dute hori eragozteko. Azaldu dutenez, udaleko eta Bizkaiko Aldundiko araudiek ez dute horrelakorik baimentzen. Datorren asteko martitzenean herri batzarra egingo dute herritarrei azalpenak emateko.

Gipuzkoan birziklagarriak ez diren hiri hondakinak Goierriko isurtegira eramaten dituzte. Isurtegi honek urteko 102.000 tonelada hartu ditzake eta Gipuzkoan 160.000 sortzen dira, ia 60.000 gehiago. Zubiateko erraustegi berria egin bitartean, soberakin horri tokia aurkitu behar diote. Beraz, zaborra kudeatzen duen Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak (GHK) lehiaketa bat abiatu du hondakin horiek nora bota erabakitzeko eta Mallabiko Betearte isurtegia bakarrik aurkeztu da lehiaketa horretara.

Mallabiko Udalak ez du Gipuzkoako hondakinik herrian jaso gura eta araudia alde dutela adierazi dute EAJk (Gobernu Taldea) zein EH Bilduk. Argumentu nagusi bi dituzte. Batetik, “Beteartek arriskutsuak ez diren hondakin industrialak bakarrik jaso ditzake”, adierazi du Igor Agirre alkateak. Horrela zehazten du udaleko araudiko memoria batek. Bestelako hondakinak bota ahal izateko Eusko Jaurlaritzaren baimena behar du. Ildo horretatik, Agirre alkatea Eusko Jaurlaritzako Ingurumen saileko agintariekin batzartu da gaur, euren asmoen berri jakiteko.

Honako hau da bigarren argumentua: Bizkaiko Foru Aldundiko araudiak dio hondakin denak tratatu egin behar direla inora bota aurretik. Bizkaian zaborra aurretik tratatzen duten gune bi daude, baina Gipuzkoan bat ere ez. Bizkaiko Aldundiko ordezkariekin ere hartuemanetan dago alkatea.

“Hondakinak Mallabira ekartzearen erabat kontra gaude”, azaldu du Igor Agirre alkateak. Udalak dituen bitarteko denak erabiliko ditu hori gertatu ez dadin. Aitor Loiola Mallabiko EH Bilduko zinegotziak dio araudiak alde dituztela. “Nahiko konbentzituta gaude hondakin horiek ez  direla Mallabira etorriko. Ekarriko balituzte eskandalo bat izango litzateke. Udaleko eta Aldundiko araudien gainetik pasatu beharko lirateke”, Gainera, uste du Gipuzkoan ez dela “bitarteko nahikorik” bideratzen zaborrak behar moduan kudeatzeko eta “kaosa” sortu gura dutela Zubiateko erraustegia “justifikatzeko”.

Udalak egoeraren berri emateko herri batzarra egingo du datorren asteko martitzenean, 19:00etan, Kontzejuzarrean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!