Hondakinen esleipena atzeratu du Gipuzkoak Bizkaiko Aldundiaren proposamena aztertzeko

Joseba Derteano 2018ko mai. 18a, 14:41

Jose Ignacio Asensio, Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa (GHK) partzuergoko presidentea: “Aukera denak irekita daude. Eskaintza aztertzen jarraituko dugu irtenbiderik egokiena aurkitu arte. Gure lehentasuna gipuzkoarren interesak bermatzea da ingurugiroaren arlotik zein ekonomikoki jasangarria den irtenbidea bilatzeko”.

GHK partzuergoko kontratazio mahaia gaur goizean batzartu da iragarrita zegoen moduan. Bertan Gipuzkoako hondakinak nora bota erabakitzeko abian duten esleipen prozedurako hirugarren eta azken sobrea —proposamen ekonomikoa jasotzen duena— ireki behar zuten, baina pausu hori atzeratzea erabaki dute. Mallabiko Betearte da lehiaketara aurkeztu den enpresa bakarra.

Horrela, Bizkaiko Aldundiak egindako proposamena aztertzeko “epe bat ireki” dute eta proposamen horren “bideragarritasuna argitu eta zehaztuko” dute. Erakunde bien artean “hartueman diskretuak” izaten ari direla argitu dute ohar batean.

Bizkaiko Aldundiak irtenbide bi proposatzen ditu hondakinak Mallabira ez eramateko. Aukera bat hondakinak Bizkaiko Zabalgarbiko errauskailura bideratzea da. Bigarren aukera bat ere proposatu dute: zati bat Zabalgarbira eramatea eta beste bat Artigaseko zabortegira. Hondakinak Artigasera bota aurretik tratatu egin beharko lirateke. Gipuzkoako Aldundiak Tratamendu Mekaniko Biologikorako planta bat egiteko asmoa du Zubietan eta bertatik igaroko lirateke hondakinak Artigasera eraman aurretik.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!