“Osasunean izan dezakeen eraginak arduratzen gaitu”

Joseba Derteano 2017ko aza. 10a, 09:20

Mallabian argindar linea bi bata bestearen paralelo joango dira 400 kilowatioko linea berria egiten badute, eta bien erdian harrapatuta geratuko dira Areitio auzoko Ariño Etxebarri eta Ariño baserriak. Bertako bizilagunak kezkatuta daude, batez ere lineak eragindako uhinek osasunean izan ditzaketen ondorioengatik.

Jose Ramon Olano Ariño Etxebarri baserrian jaiotakoa da. 69 urte ditu eta, beragaz batera, beste zazpi lagun bizi dira baserrian. Sasoi batean, gaur egun eginda dagoen linearen ondotik pasatzen zen lanera joateko. Egun euritsua bazen, edo, behelainoa bazegoen, argindar kableak gorri kolorez jartzen zirela dio, eta zarata ere entzuten zuela. “Linea berria orain dagoena baino hiru bat bider handiagoa da. Beraz, imajinatu zer izango den!”, adierazi du. Beste ezeren gainetik, “osasunean izan dezakeen eraginak” kezkatzen du. “Lehengo lineak 40 bat urte ditu eta orduan ez genekien ezer askorik, baina orain berri bat etxe ondotik egitea errematea izango da”, gaineratu du Olanok.

Duela urtebete inguru alegazio “mordo bat” jarri zituen euren egoeraren berri emanez, “baina alferrik izan da, erantzunik ere ez dugu jaso”. “Proiektuko arduradunak linea nondik joango zen informatzera etorri zitzaizkigunean, egitasmoa urtebete edo bi atzeratu genezakeela esan ziguten, baina, azkenean, egin egingo zela”, gogoratu du Olanok. Horren aurrean, “barneratuta” du linea egingo dena. “Hemen gaudenon egoerak ardura diela uste duzu, ala? Ez ba, honek ez du atzerabueltarik”, dio. Urte hauetan beste nonbaitera bizitzera joatea edo antzerako burutazioak izan dituela onartu du. “Buruari buelta asko ematen dizkiozu azkenean,
buelta asko”, esan du.

Rikardo Urienek 34 urte daramatza Ariño baserrian. Emaztea eta biak bizi dira bertan. Linea berriak “osasunean eragin ditzakeen ondorioek” kezkatzen dute. “Guk badugu pinudi bat. Handik joango balitz ez liguke inportako. Baina etxe ondotik igaroko da”, azaldu du Urienek. Olanori gertatu zaion moduan,  alegazioak egin dituzte, eta ez dute erantzunik jaso oraindik.

Iazko urte amaieran, proiektuak eragindako lurren inguruan informatzeko ardura zuen pertsona bategaz batu ziren, Areitioko beste auzotar bategaz batera. Urienek adierazi duenez, linea bizilekuetatik 100 metrora igaro behar da gutxienez, baina pertsona hark neurketa arin bat egin eta linea etxetik 60-80 metro arteko distantziara joango litzatekeela kalkulatu zuen. Ondoren, Mallabiko alkateagaz batu ziren. “Alkateak arduradunekin berba egingo zuela esan zigun, eta gura bagenuen abisatuko zigula geu ere joateko. Hori udan izan zen, ekain inguruan. Oraindino inork ez digu deitu”, kontatu du.

Mallabian sinadura bilketa bi egin dituzte goi tentsioko linea dela-eta, azkena iazko neguan, baina ez dute uste ezertarako balioko duenik.

Urienek gogoan du beren lurren gaineko informazioa eman zien teknikariak esandakoa. “Garbi esan zigun. Lehenago edo geroago, linea hau egin
egingo da”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!