“Gueñesen udalak uhin elektromagnetikoei buruzko azterketa egitea lortu dugu”

Joseba Derteano 2017ko aza. 10a, 09:20

Alex Salazar Goi Tentsioari Ez plataformako kidea da. Gueñes herriko La Cuadra auzoan bizi da, estatuko argindar azpiestaziorik handienetakoa duen inguruan.

Noiz eratu zenuten plataforma?
Aurtengo martxoan. Proiektuaren harira, Gobernuak erabilera publikoko deklarazioa atera zuenean hasi ginen. Hainbat herritan hitzaldiak izan ziren, alegazioen epea hasi zen eta orduan hasi ginen zenbait herritako jendeagaz hartu-emanak izaten. Plataforman hainbat herritako jendea dago.

Zer helburu duzue?
Proiektua geldiarazi gura dugu eta, bide horretan, gizarte mugimendua saretu gura dugu. Denbora irabaztea inportantea da. Gobernuak aldatu egiten dira eta, beharbada, sartzen den berriak beste ikuspegi bat izan dezake. Edota, batek daki, beharbada, bestelako energia iturriek gora egin dezakete eta panorama erabat aldatu daiteke. Badaude horrelako adibideak. Herriz herriko mugimenduen lana ere garrantzitsua da. Guk, Gueñesen, udalak uhin elektromagnetikoei buruzko azterketa bat ordaintzea lortu dugu.

Uhin elektromagnetikoen inguruko azterketa?
Bai. Sinadurak batu genituen. Legea oso permisiboa dela uste dut. Estatuan 100 mikroteslako [fluxu magnetikoaren dentsitatea neurtzeko unitatea da] esposizioa onartzen bada, atzerriko herrialde askotan baimentzen den neurria askoz baxuagoa da.

Zure ustez, linea zergatik ez da beharrezkoa?
Argindar linea sareak osatzeko dela diote, baina, nire ustez, beste arrazoi batzuk daude. Frantzia trantsizio energetikoan sartuta dago, eta linea hau hara energia saltzeko erabiliko dute. Ez da hemengo eskari baten ondorioa, baizik eta etekin ekonomikoa lortzeko negozio pribatuei irekitzen zaien atea. Hemen, zentralak euren ahaleraren azpitik funtzionatzen ari dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!